Gardentasunean eta elkarlanean oinarrituta eta pertsonak ardatz gisa hartuta egindu Udal Gobernuak bere lehen urtea

Erabiltzailearen aurpegia Zumaiako Udala 2016ko eka. 20a, 11:21

Egungo udal egoera hobetzea, udala herritarren zerbitzura jartzea, herritarrengandik gertu egotea eta euren ongizate eta bizi kalitatea bermatzea lehenetsi ditu gobernuak lehen urte honetan. Udalak, pertsonak udal jardunaren eta langileen ardatz nagusi direla berretsi du eta era berean, gardentasun, elkarlan eta parte hartze aktiboan oinarritutako udal jardunaren aldeko apustua egiten duela adierazi du, etorkizunera begira, guztien beharretara egokitutako Zumaia eraikitzeko.

2015eko ekainaren 13an, Zumaiako Udaletxearen alkatetzan herritarrek bozkatutako aldaketaren ondoren, udal gobernu taldeak, lehen urte honetan, modu eraginkorrenean erantzun nahi izan dio herriak azaldutako aldaketa nahiari, baita konfiantza beraiengan jarri duen herritar orori ere.

Horiek horrela, Udalera sartu orduko, gobernu taldearen lehentasuna izan da Udaletxeko egungo egoera berraztertu, berritu eta konpontzea. Horretarako, gobernuak, arreta berezia jarri du bereziki, udal kontratu edo aseguruen berritze edo luzapenean, hauetariko asko, iraungita edo geldirik bait zeuden duela zenbait urte. Hori dela eta, dokumentu hauen eguneraketa eta herritarren berehalako beharrei erantzuna ematea izan dira gobernuaren lehen urte honetako lehentasun eta lan ildo nagusiak.

Honen harira, udal gobernuak, brigadaren eginkizun eta betebeharrak ere eguneratu eta zehaztu ditu, euren eskumenak, hiri manteinura, azpiegituren kontserbaziora eta herriko festa edo ekitaldietan, herriari zein herritarrei zerbitzua eskaintzera bideratuz, besteak beste.

Ildo beretik, ekonomia eta enplegu sustapenari gogor heldu dio udal gobernuak. Izan ere, gai honek, herriaren zein herritarren ongizatean zuzenean eragiten duela azaldu dute Udaletik, beraz, pertsonak izanik udal jardunaren ardatz nagusia, ezinbestekotzat jo dute, garapen ekonomikoa eta enplegu sustapena lehenestea. Horretarako, gobernuak, hainbat neurri hartu ditu. Alde batetik, herriko enpresa txiki eta ertainekin bildu da beren egoera, kezka eta ardurak gertutik ezagutzeko. Horiek horrela, euren beharrei erantzuna emateko xedez, eta industria, ekonomiaren eta enplegu sustapenaren motor gisa indartzeko, etorkizuneko hirigintza lanetan, tokiko industria eta herriko industria eragileak lehenesteko konpromisoa hartu du gobernuak, betiere, publiko-pribatuaren arteko oreka mantenduz noski.

Bestalde, egungo gobernuak, Zumaian lanpostu aukera berriak sortzeko eta enpleguari bultzada emateko, Udalean lehen aldiz, diru partida garrantzitsua adostu eta txertatu du 2016ko aurrekontuetan. Udalak, Mankomunikatearen esku utziko du diru partida honen kudeaketa, erakunde honek, udal gobernuak emandako irizpideen baitan, dirua, zumaiarren artean lan aukera berriak sortzera bideratu dezan. Era berean, Zumaiak duen kokaleku aparta aintzat hartuta, udal gobernuak, tokiko kalitatezko turismoarekiko apustua berretsi du, turismoa, etorkizunera begira, dibertsifikazio ekonomikorako aukera bihurtzeko.
Pertsonak lan ardatz nagusi izanik, gobernu taldeak, helburu du herri atsegina, irisgarria eta bereziki herritarren beharrei egokitutakoa eraikitzea. Horretarako, Udaletik, hainbat ekintza eraman dituzte aurrera, horien artean azpimarragarrien izanik herritarren segurtasun eta bide sergurtasun arloan egindakoak. Esate baterako, gobernuak, Zumaian eta bereziki eskola bideetan dauden mugikortasun arazoak identifikatzeko azterketa bat egin du eta segurtasun ildotik, beharrezkoa izan denean, udaltzaingo zerbitzua ere areagotu dute Udaletik.

Honen harira, segurtasun eta bereziki gizarte ongizate arloarekin lotuta, berdintasunarekiko apustuan, Udalak, herriko puntu beltzen inguruko azterketa bat egin du, herritarrengan eta bereziki emakumeengan segurtasun gabezi sentsazioa sortzen dituzten puntuak identifikatu eta hauei behin betiko irtenbidea emateko. Eta genero berdintasunaren aldekiko urratsen artean, ezin ahaztu, azken urteen ondoren, emakumezko bat hasi dela udaltzaingoan lanean.

Dena den, gobernuak azpimarratu du, oraindik lan asko dagoela egiteke eta herritarren beharrei erantzuteko eta zumaiarren beharrei egokitutako herri bat eraikitzeko, udaletik, gogor lan egiten jarraituko dutela adierazi dute. Hori dela eta, gaur egun, jada eman dira helburu hau lortzeko hainbat urrats. Hirigintza arloan adibidez, kai muturra berreraiki da, Beheko Plazan egokitzapen lanak egin dira, Nagusien Etxea eraberritu da eta Aitzuriko frontoia eraiki eta ingurua urbanizatu dira besteak beste.

Aisialdiari begira, Udalak, kirolarekiko apustu sendoa egin du, nortasun elementu eta zumaiarren arteko elkarbizitza sustatzeko aukera gisa. Horiek horrela, arlo honetan, frontoiaren eraikitze lanez gain, Bizikleta Egunaren sorrera eta antolaketa edo herriko kirol elkarteekin elkarlanean gauzatutako ekintzak dira azpimarragarrienak, Pilota Elkartearekin edo Zumaiako Futbol Taldearekin egindakoak hain zuzen. Modu honetara, herriko eragile eta udalaren arteko elkarlan bideak sustatu, herritarren artean ohitura osasuntsuak bultzatu eta kirol eskaintza herritarrei hurbiltzea lortu nahi da.

Azkenik, udal gobernuak, ekintza hauek guztiak aurrera eramateko, elkarlan akordio eta adostasun bideei heldu nahi izan die eta honen harira, herritarrekin, herriko eragileekin eta nola ez, udal teknikariekin izandako hartu eman aberasgarri eta interesgarria azpimarratu nahi ditu. Urte honetan zehar egindako lana aurrera eramateko, guztion arteko elkarlana eta esfortzua ezinbestekoa izan direla azpimarratu du gobernu taldeak. Honen harira, bereziki, 2015-2025 Plan Estrategikoaren garapena aipatu du gobernu taldeak. Plan hau, herritarrekin, herriko eragileekin eta udal teknikariekin elkarlanean garatu eta martxan jarri da eta honi esker, ezagutu ahal izan ditu Udalak lehen eskutik, herriaren eta herritarren beharrak. Hori dela eta, etorkizuneko Zumaia eraikitzeko helburuan, Plan Estrategikoak, hauteskundeetako programan jasotako ekintzekin batera, legealdian zehar gobernuak aurrera eramango dituen ekintza eta ekimenak lehenetsiko dituela adierazi dute Udaletik. Ildo honetatik, gobernuak, aurrerantzean, adostasun eta elkarlan ereduari eutsiko diola adierazi du, akordioa, partehartzea eta bereziki errespetua direlako gobernu taldearentzat herriaren garapenerako giltzarri eta balio nagusiak.

Azken batean, gobernu taldeak helburu du duela urtebete ilusioz eta gogoz beterik hartutako konpromisoa betetzea. Horiek horrela, herritarrengan onurak ekarriko dituzten ekimenak aurrera eramateko, zumaiarrei zerbitzurik hoberenak eskaintzeko eta bereziki, etorkizunera begira, euren beharretara egokitutako Zumaia eraikitzeko, Udaletik gogor lan egiten jarraituko dutela adierazi dute, azken finean, Udal gisa, udalaren ardura delako herritarren zerbitzura egotea, herriarentzat eta herritarrentzat lan eginez.

ZUMAIAKO UDALA
Zumaian, 2016ko ekainak 17