Aire zabalean ibiltzearen onurak

Erabiltzailearen aurpegia

Haurreskolako haurrak kanpo espazioarekin gozatuz.

Heike Freirek bere liburuan (Berdean Hezi, 2015) aipatzen duen moduan, gero eta mardulagoa den ikerketa multzo batek zuzenean lotzen ditu haurren eta helduen indar fisiko, mental eta espirituala, pertsona horiek naturan bizi izandako esperientzien aberastasun eta kalitatearekin. Ildo honetan, guk ere argi dugu garrantzitsua dela haurrak naturara hurbiltzea bai eskola orduan, bai familiartean

Naturara hurbilpena egiteko ez dugu paraje basati nahiz mendi puntara joan beharrik naturaren onura sendagarriak aprobetxatzeko. Izan ere, Haurreskolara datozen haurrak oso txikiak dira (0-2 urte) irteera handiak egiteko, baina horrek ez digu eragozten gure inguru naturalaz gozatzeko aukera. Inguruan ditugun belardietara joan, inguruko animalia nahiz zomorroak behatu, hostoak lurretik hartu, lokatzetan eskuak sartu, animaliei ogia eman, harri-txintxarrak nahiz makilak bildu, arbustuetako haziak hartu, iturriarekin jolastu, putzu zuloetan salto egin… Bai, putzu zuloetan esan dugu, eta noizbait entzundako esaera hura ekarriko dugu gogora: “Ez dago eguraldi txarrik, arropa desegokia baizik”. Hain zuzen, horrexegatik erosi genituen duela bizpahiru ikasturte Haurreskolarako galtza-zirak eta katiuskak, lurra bustita dagoenean ere kalera irten ahal izateko. Arropa egokiak jantzita lurra bustita egon arren, lurrean nahiz belarretan eser daitezke, helduon ahotik betiko debekuak entzuteko beldurrik gabe. Eta gozatu ederra hartzen dute!!

Gainera, azterlan ugarik baieztatu duen moduan erlazio positiboa dago mugimendu fisikoaren eta, oro har, osasunaren, erlaxatzeko gaitasunaren eta garapen kognitiboaren artean. Bizitzaren lehen urteetan, trebetasun motorrak mesede egiten die auto-estimuari eta auto-konfiantzari. Hasierako hilabeteetan, arrastaka mugitzen direnean, Haurreskolako espazioarekin nahikoa izaten dute, baina jada lau hankatan nahiz oinez dabiltzanean, beraien esploratzeko gaitasuna areagotu egiten da eta orduan hasten gara Haurreskolako ateak ireki eta gure ingurune hurbila ezagutzeko gonbidapenak egiten. 1-2 urte adin tarteko haurrentzat, eguneroko 45 minutu inguruko paseo horiek eguneko bizipoza dira. Eguneko arnas iturri. Baita eguneko energia iturri ere. Izan ere, frogatuta dago, D bitaminaren iturririk onena eguzkiaren argia dela. Bitamina horrek, besteak beste, nerbio sistema, immunitate-sistema (Covid 19-aren garai honetan indartsu izatea oso garrantzitsua) eta erresistentzia fisikoa indartzen ditu. Bizimodu modernoaren eraginez, pertsona asko mantenugai honen faltan dago; horregatik gomendatzen dute adituek egunean 15 minutu gutxienez kanpoan, aire zabalean ibiltzea. Eta guk gure eguneroko paseoekin denbora hori eta gehiago eskaintzen diegu

Euskaraldiko leloa gurera ekarriz “gehiago, gehiagorekin, gehiagotan” gozatu gure inguruko bazterrez!