Bultza euskaltegiak! Bultza euskara! ekitaldia martxoaren 28an, eguerdiko 12:00etan Beheko Plazan

Erabiltzailearen aurpegia Zumaiako AEK 2021ko mar. 24a, 14:38
Kaixo, lagunak!

Martxoaren 28an ekitaldi txiki eta xumea egin nahi dugu Beheko Plazan. Zoritxarrez, etorri nahi lukeen herritar oro besoak zabalik hartuko genukeen arren, pandemiak oztopatu digu, ezingo genituzke-eta distantziak bermatu.

Horren aurrean, eta zuen hutsunea ahal bezala betetzeko asmoz, Korrikaren kilometroak erosi dituzten eragileei eskatu diegu plazan egoteko; uste baitugu haiek, nolabait, zuek guztiak edo zuetako asko ordezkatzen zaituztetela.
Nolanahi ere, plazan kontatuko duguna azaldu nahi dizuegu, hitz gutxitan bada ere. Jakingo duzuen bezala, Bultza euskaltegiak! Bultza euskara! izeneko dinamika jarri du AEK-k abian euskalduntze mugimenduaren garrantzia plazaratzeko. Izan ere, Euskal herriko herritarren %55 erdalduna da eta, berdintasunean oinarritutako jendartea amets baduu, argi dago herritar helduen euskalduntzea beharrezkoa dugula; guztion eskubideak bermatzeko zubia baita.

Horretarako, besteak beste, izaten da bi urtean behin antolatu ohi dugun Korrika: euskalduntze bidera animatzeko, euskal kultura sustatzeko... Dena den, aurtengoak Korrika urtea izan behar bazuen ere, ez da ezagutu izan dugun bezalakoa izango; ondorioz, euskalgintzak galera handia izango du, baita ekonomikoa ere. Horregatik, eragileen eta hiru administrazioen bultzada lortu asmoz, sortu da Bultza euskaltegiak! Bultza euskara! ekimena.

Ulertuko duzuelakoan eta hurrengoan( egoera hau pasatzean) guztiak elkartuko garelakoan.

Bultza euskaltegiak! Bultza euskara!
                                                                                                                                                                Zumaiako AEK euskaltegia