Gaua argitzea ogibide zenekoa

Erabiltzailearen aurpegia Zumaiako Udal Artxiboa 2018ko urt. 31a, 13:34

Neguak iluntasuna dakar gure egunerokora. Eguzkiaren argi izpiek gero eta ordu gutxiago argiztatzen dute eta eguna iluntasunean murgiltzen da. Neguak barru giroa ekartzen du gurera, baina ez hotzak epelean egotera gonbidatzen gaituelako bakarrik, argitasun ezak ere gure bizi-senean eragiten duelako baizik. Izan ere, iluntasunak arriskua dakar eta argitasunak segurtasuna. Iluntasunak trabak sortzen dizkigu, ikusteko zailtasuna sortzen baitu. Bestalde, iluntasuna gaizkileen lagun ere bada, iluntasunak ezkutatzen eta beren asmoak erraztasun handiagoz gauzatzen laguntzen baitie.

Gaur egun, gaua argiz betetzeko ahalmena dugu elektrizitateari esker. Elektrizitaterik ez zegoenean, ordea, kalea argiztatzen zuten argiontziak zaintzea beharrezkoa suertatzen zen. Gauetan segurtasuna bermatu ahal izateko argiontziak zaintzen jarduten zuten farolariek. Gaur, beraz, galdurik dagoen lanbide baten inguruan jardungo dugu.

1848an probintziako agintari politiko gorenak Zumaiako alkateari hiribildua argitzeko 4 argiontzi berri erosteko baimena eman zion, argiontziak erosi eta behar zen lekuan jartzeko 672 errealeko gastua izatearen baldintzarekin. Urtebete geroago, hiribildua iluntasunetik aterako zuten 7 argiontzi zeuden Zumaian. Egoera berri horrek kale argiteria arautu eta argiontziak zainduko zituen norbaiten beharra sortu zuen.

Kale argiteria udazken eta neguan piztea adostu zuen udalbatzak: urtarrilean, otsailean, martxoan, urrian, azaroan eta abenduan. Urteko sei hilabete horietan argiztapenak 5 ordu iraun behar zuen gutxienez. Zeregin horretarako Jose Txapartegi izendatu zuten aho batez. Haren soldata urtean 800 erreal kuartokoa izango zen, lau hiruhilekotan zatitua. Soldata horrek, Txapartegiren lanaz gain, hiribildua argiztatzeko beharrezkoa zuen materialaren kostua ere barne hartzen zuen. Hau da, argiztapenerako olioa eta metxa eta argiontzien mantentzerako beharrezkoak ziren kristal, hodi, ontzi, eskala eta abar bere soldatatik ordaindu behar zituen Txapartegik.

Jose Txapartegik kargua hartu eta bost urte geroago, kale argiteriaren egoera tamalgarria zela dirudi. Zumaiako sindikoak jakinarazi zuen argiontzi gehienak arratsaldeko 8tarako itzaliak zeudela eta horren aurrean udalbatzak nolabaiteko erabakia hartu behar zuela. Egoera errepikatu ez zedin, aurrerantzean gaueko 10ak baino lehen itzalita zegoen argiontzi bakoitzeko farolariari 20 errealeko isuna jartzea adostu zuten. Arazoak, ordea, ez ziren hor bukatu. 

1865ean kale argiteriaren egoera tamalgarria zen berriro ere. Oraingoan, farolariari isuna jarri beharrean, petrolioaren kontsumoa eta argiontzien gainerako mantentze beharrak aztertu eta lanpostua enkantean ateratzea adostu zen. Petrolio kontsumoaren eta argiontzien egoeraren ikerketa Jose Maria Resustari eskatu zioten. Urtebete geroago farolari berri baten bila zebilen Udala. Oraingoan, ordea, soldataren baldintzak ez ziren berdinak. Argiontziak pizten ziren bakoitzean 4 erreal kobratuko zituen farolariak eta kale argiztapenerako kontsumitzen zen petrolioa hiribilduaren kontura izango zen. Hala ere, badirudi kale argiztapenaren egoera ez zela hobetu eta farolari postua betetzeko zailtasunak egon zirela. 

1870ean aldaketa bat sumatzen da. Ordurako farolari postua desagertua da eta hark egiten zituen lanak aguazilen zereginen parte izatera pasatu direla dirudi. Izan ere, urte horretan, Isidoro Amas aguazilak 2,5 erreal kobratzen zituen kaleko argiontziak pizten zituen egun bakoitzeko. Gauetan, argiztapena zaintzeaz gain, pixkanaka beste behar batzuk sortu zirela kontuan izan behar dugu, gehienak segurtasunarekin lotutakoak. Hori horrela, farolariek sereno edo gaueko aguazilei zabaldu zieten bidea. Gogoratu behar dugu Zumaian 1866an agertzen zaizkigula lanpostu horren inguruko lehen berriak. Gauean kaleak zelatatu eta araudia errespetatzen zela egiaztatu behar izaten zuten, baita argiteria zaindu ere. Horrela, farolariak sereno postuaren aurrekariak izan zirela esan daiteke.

 

Oihana Artetxe (Ereiten Kultur Zerbitzuak)