Istiluak Zumaiako nasen inguruan

Erabiltzailearen aurpegia Zumaiako Udal Artxiboa 2017ko eka. 1a, 11:20

Apirileko idatzian arrantzarako nasak ekarri genituen txoko honetara. Nasa horiek zer eta nolakoak ziren ikusi genuen, baita hiribilduen ekonomian izan zuten garrantzia azaleratu ere. Arrantzarako egitura horien kokapenak, ordea, istilu eta auzi ugari sortu zituzten ibaien erabileraren inguruan. Gaiari jarraipen txiki bat egin nahirik, nasa hauekin Zumaian egon ziren zenbait istilu jorratuko ditugu artikulu honetan.

Nasetako arrantza jarduera handikoa izaten zen, baina gehienbat abendutik apirila bitarteko hilabeteetan. XV. eta XVI. mendeetan ohikoa zen leinu handien, eliz erakundeen eta kontzeju eta hiribilduen ondasunen artean arrantzarako horrelako azpiegiturak topatzea. Aurreko idatzian aipatu genuen bezala, nasa baten lehen datuak 1416koak dira Zumaian. Azpiegitura horien hedapenak, ordea, ibaien nabigazioan arazo handiak sortzen zituen. Alde batetik, ibaian gora kokatzen ziren hiribilduak kexu agertzen ziren, beren ekonomiarako ezinbestekoa zen burdinolen jarduera kaltetzen zuelako. Bestalde, ibaien ibilgua ixten zuten egitura horien erruz, hondoratze eta heriotza asko izan ziren. Hain handia izanik arazoa, 1484rako Ordiziako Batzar Nagusietan horien egitura, kokagunea eta forma arautzeko xedapenak zehaztu zituzten. Ibaietako nabigazioan sortzen zituzten arazoak eta ibaien itxiera osoa saihesteari begira, nasa guztiek ibaiaren ibilguaren heren bat libre utzi behar zuten. Arau horri esker, burdinolen industriarako beharrezkoa zen ibai nabigazioa bermatzen zen, eta arrainek (bereziki izokinek) ibaian gora egin ahal izatea ahalbidetzen zuen.

Bestalde, ibaian egiten ziren jarduera anitzak kontuan izanik, ez zen harritzekoa egurrezko egitura horiek gehienez urtebete irautea. Horregatik, beharrezkoa zen etengabe ikuskatzea eta behar zenean konpontzea. Ikuskatze horietako batean aurkitu dugu Zumaiako nasen inguruko lehen arazoa. 1610. urtean Dornutegiko nasa behar bezala zaindu gabe zegoela erreparatu zuen kontzejuak. Dirudienez, Dornutegiko errotaren errentatzaile zen Domingo Arbeztainek nasa kaltetu zuen errotaren onurarako. Hori zela eta, Domingori nasa konpontzeko gastuak bere gain hartzea agindu zitzaion eta errotaren jabeari isuna jarri.

Bigarren istilua 1680an dugu. Kasu horretan Zumaiako kontzejua eta Oikiako bikarioa topatu ditugu aurrez aurre. Oikiako bikarioak, beste hiribildu batzuetan eliz erakunde eta jauntxoek egiten zuten moduan, Urola ibaian nasa propioa eraiki zuen. Gogoratu behar dugu, ordea, Zumaiako 1584ko udal ordenantzetako 59. puntuak aditzera ematen duen bezala, ibaietako arrantzaren monopolioa kontzejuak zuela. Beraz, beste hiribilduetan ez bezala, Zumaian legez kanpokoa zen norbanako batek arrantzarako egiturak ibaian eraikitzea. Oikiako bikarioak, ordea, udal legeari muzin egin eta Eskazabal baina gorago nasa bat eraiki zuen. Horren aurrean, kontzejuak Miguel Elkano, Erramus Arrona eta Martin Beruin bidali zituen nasa hori ibaitik kentzera. Martxoaren 24ko udal agindu horretan nasa kentzeko gastuak hiribilduak bere gain hartu behar izan zituela agertzen da, Oikiako bikarioari nasa eraikitzeko baimena errejidoreak berak eman ziola eta. Baina kontua ez zen hor bukatu. Oikiako bikarioak kontzejua probintziako korrejimendura eraman zuen auzitara, berak errejidorearen baimenarekin eraikitako nasa kendu izanagatik. Gainera, hiribilduaren esanak bete zituzten Miguel, Erramus eta Martin atxilotzeko agindua ere jaso zuen aguazil nagusiak. Auziak aurrera jarraitu zuela dirudi, baina Zumaiako artxiboan ez dugu horren inguruko datu gehiago aurkitu.

Zumaian nasekin gertatutako arazo eta istilu horiek probintzia osoan gertatutakoaren isla xumea dira. Nasen jabeen eta ibaian gorako hiribilduen arteko liskarrak ohikoak izaten ziren. Baita hiribilduen eta eliz erakunde edo jauntxoen artekoak ere. Hala ere, Ordiziako Batzar Nagusietako arauditik ia bi mende pasa ziren Probintziak arrantza eta nasen inguruko araudi berri bat eman arte. Badirudi arrantza jarduerak bigarren plano batean egon zirela garai hartako oligarkia ekonomikoarentzat. Izan ere, itsas inbertitzaile handiak ez zuten arrantzaren inguruan interesik izan ontzigintza eta itsas merkataritzaren beherakada gertatu zen arte. 1696ko Tolosako Batzar Nagusietan udalbatza bakoitzak ibaiko arrantzaren inguruko araudia jorratzeko agindua eman zen, baina udalbatzek muzin egin zioten. Hori ikusirik, 1709ko Azkoitiko Batzar Nagusian bertako ibai arrantzarako udal araudia probintziako araudi bihurtzea erabaki zen. Araudi horrek kainaberarekin eta nasekin egindako arrantza baimentzen jarraitu zuen, egitura horien errentagarritasuna agerian utziz. Zumaiako artxiboan topatu dugun aipamen baten arabera, Gipuzkoako Foru Aldundiak nasen erabilera 1876ko abuztuan debekatu zuela dirudi.

Oihana Artetxe (Ereiten Kultur Zerbitzuak)