Nahikoa da! Gure gorputzak gureak dira!

Erabiltzailearen aurpegia Zumaiako Mugimendu Feminista 2022ko aza. 7a, 21:40

Zumaiako Mugimendu Feministatik gogor salatu nahi dugu pasa den ostiralean kiroldegian gertatutako erasoa. Gizon batek emakume talde baten intimitatea urratu zuen.

Argi adierazi nahi dugu gizon horren jokabidea ez dela kasualitatea: erasotzaileak gizonezkoek duten inpunitatea eta boterea baliatu zuen emakumez batetako espazio batean erasoa egiteko. Zein inpunitate sentitzen du itxita dagoen aldagela batean mugikorra sartzeko gai den gizonezkoak?

Nazkatuta gaude gure gorputzen sexualizazioaz. Nahikoa da edozein leku, egoera nahiz jardueretan gure gorputzak objektu sexual bezala hartzeaz. Lasai egin nahi dugu korrika, lasai nahi dugu kirola egin, arropaz lasai aldatu nahi dugu. Ez da normala etengabe mehatxupean bizitzea. Gertatutako erasoa indarkeria matxistaren beste aurpegi bat da, ez da kasu isolatu bat, ezta garrantzirik gabeko gertakaria ere. 

Gure gorputzak gureak dira. Guk dugu gure gorputzaren gaineko erabakia. Txiki eta bakarti nahi gaituzte, baina antolatuta eta elkarrekin egongo gara.