Nahikoa da. Eraso sexistarik ez!

Erabiltzailearen aurpegia Zumaiako Mugimendu Feminista 2021ko mai. 27a, 14:47
(Urola Kostako Hitza)

Gutun honen bidez Zumaian gertatutako sexu erasoaren inguruko irakurketa plazaratu, eta zumaiarrei ostiral honetan egingo den elkarretaratzean parte hartzeko deia egin nahi diegu Zumaiako Mugimendu Feministaren izenean.

Mutil batek neska bati sexu erasoa egin zion joan den asteburuan. Haserrea, tristura eta amorrua sortzen dizkigu gertaera eta egoera honek, eta ez ditugu hitz egokiak topatzen halako momentu baterako. Edonola ere, momentu zail honetan gure besarkadarik beroena bidali nahi diogu erasoa jasan duen neskari, baita bere familia eta lagunei ere. Ez zaude bakarrik.

Oharra irakurtzen ari den bat izan zitekeen erasoa jasan duena. Eta zu izan zintezke erasoa egin duena. Egoera zaila da, baina, egin dezagun ahalegina, eta utzi ditzagun alde batera xehetasunak eta morboa. Erreparatu diezaiogun erreparatu behar diogunari.

Indarkeria matxistaren erroa gizartearen egituretan dago, eta guztiok hartu behar dugu eraso sexisten gaineko ardura. Emakumeok* ahalduntzeko bideak aurkitu behar ditugu, baina horrez gain, instituzioek indarkeria matxista errotik mozteko moduak asmatu behar dituzte, hezkuntza eremuan txiki-txikitatik landu behar dugu gaia, herri moduan heldu behar diogu gaiari.

Aldi berean, azpimarratu nahi dugu gizonek kontu honetan duten erantzukizuna. Aztertu zuen jarrerak, interpelatu zuen lagunak, jarri zalantzan zuen jokatzeko moduak. Asko ikasi dugu azken urteotan publikoki esan behar dugunaren inguruan, baina eremu pribatuan emakumeon* askatasuna ukatzen duzue askok eta askok.

Ez dugu onartzen gure gorputzen eta bizitzen aurkako erasorik. Ez dugu onartzen horren ardura gure gain jartzea, gaia morboz tratatzea edota gertatzen ari denari garrantzia kentzea, ezta gure askatasunari mugarik jartzea ere. Ez dugu adi bizi nahi, aske izan nahi dugu.

Eraso sexisten inguruko jarrera irmoa agertzeko, Zumaiako Udalarekin batera, ostiral honetan egingo den elkarretaratzera joateko deia egin nahi diegu herritarrei. Mobilizazioa 19:00etan izango da, Beheko Plazan.

Nahikoa da! Eraso sexistarik ez!