Azkue Literatura sarietan, poesia saileko lehen saria eskuratu du Sara Uribe-Etxeberria Atxurrak

Erabiltzailearen aurpegia

2021eko Resurreccion Maria Azkue literatura sariak banatu zituen, ostiralean, Euskaltzaindiak Bilboko bere egoitzan. 

Adinaren arabera bi mailatan banatuta, 10 eta 17 urte arteko ikasleek aurkeztutako idazlanak saritzen dituzte Euskaltzaindiak BBK-rekin batera gazteak literaturaren mundura erakartzeko asmoz antolatutako lehiaketan; narrazioak alde batetik, eta poesiak bestetik.

Hamabi sari banatzen dituzte Azkue sariketaren edizio bakoitzean –bi aipamen berezi ere bai azken honetan–, eta 2021ekoan horietako lehen saria, olerki atalean, Zumaia BHIko Sara Uribe-Etxeberria Atxurra ikaslearentzat izan da. Argiak itzaltzen diren tokia izeneko lanarekin irabazi du saria.

Sariak banatzerakoan, epaimahaikideek sail bakoitzean saritutako lanen balorazioa plazaratu zuten. Hain zuzen ere, Yolanda Arrieta, Amaia Jauregizar eta Patxi Zubizarreta izan dira B mailaren barruan aurkeztutako lanak epaitu dituztenak. Haien esanetan,  "harresiak desegiteko eta altzairuzko bihotzak apurtzeko poesia, kritika pizteko eta emozioak berpizteko; agian, lo daudenak esnatzeko" poesia da Uribe-Etxeberriaren lana.

Euskal Herri osoko ikastetxeetako 526 ikaslek aurkeztu dituzte lanak, guztira, 2021eko Azkue literatuta sarietara.