baleike.eus

Artea ikusten Guggenheimen

Erabiltzailearen aurpegia Zumaiako Herri Eskola 2017-12-04 12:08
Batxilergo 2. mailako Marrazketa Artistikoa eta Artearen Historiako ikasle eta irakasleak Bilbo hiriaren ikur bilakatu den Guggenheim museora joan ginen egun pasa, artea ikusten ikastera, azaroaren 30ean.

Eskultura moduan bideratu zuen Gehryk konposizioa eta sentsazio hori areagotu egin zen lainoak harrapatu gintuenean. Iraupen laburrekoa, baina harrigarria. Fujiko Nakaya japoniarraren 08025 eskulturak itsu-itsu agurtu gintuen. Horrela hasi genuen bisita: ikuskizunarekin esperimentatzen.

Segidan, barneko espazio ikusgarrian lurrean eserita, David Hockney britainiarraren erretratuak ikusi genituen. Hockneyk 80 urterekin, behin eta berriz gai berdina irudikatu du: gizakia bere osotasunean, aulki berean eserita.

Argazki-kamera desafiatuz, gizon eta emakume horien kolore, forma, postura, keinu, jantzi eta izaera ezberdinak ikusten disfrutatu genuen.

Ondoren, Anni Albers-en “Bista Ukitu” izeneko erakusketaren txanda izan zen. Berlindarra aitzindaria izan zen fiber act edo ehungintza-artean. Bauhaus eskolako izaera liberala izan arren, Albers-ek gizonezkoentzako mundu batean egin behar izan zuen bidea: eta asmatu egin zuen.

Hamaika oihal ikusi eta gozatu egin genuen harien testura, kolore eta formarekin. Arretaz begiratu genituen klip, kako edota azkoinaz egindako bitxiak ere.

Diseinatzaile bikain honek sortu zigun interesarekin amaitu genuen bisita.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa