“Legealdi honetan egindako lana da hurrengo legealdirako gure bermea”

Erabiltzailearen aurpegia Zumaiako EAJ-PNV 2019ko mai. 20a, 13:02

“Orain lau urteko udalaren egoera eta oraingoa oso desberdinak dira, zalantzarik gabe. Legealdi honetan Zumaia geldialditik atera dugu eta horren erakusgarri dira 2015-2019 legealdian esleitu diren 51 prozedura irekiko kontratuak, aurreko legealdikoen ia bikoitza, 27 baino ez baitziren esleitu” EAJk adierazi du zumaiarrak izan direla bere jardunaren ardatz eta horregatik, legealdi hau parte-hartzearen legealdia izan dela, gizarte ongizatearena, enpleguarena,hezkuntzarena eta elkarlanarena, zumaiarren egiazko beharrena, alegia.

Atzo, legealdiko azken osoko bilkura egin ondoren, legealdiaren errepasoa plazaratu du Zumaiako EAJk. Jeltzaleen hitzetan, “orain lau urteko udalaren egoera eta oraingoa oso desberdinak dira, zalantzarik gabe”. Legealdi honetan Zumaia geldialditik atera dutela adierazi du Oier Kortak, eta adibide bezala jarri ditu 2015-2019 legealdian esleitu diren 51 prozedura irekiko kontratuak, “aurreko legealdikoen ia bikoitza, 27 baino ez baitziren esleitu” azaldu du Kortak.

Legealdi hau, parte-hartzearen legealdia izan dela ere adierazi dute jeltzaleek. “Zumaiarrekin eta zumaiarrentzat aritu gara lanean eta guztion artean egiteko aukera izan dugu, bai Zumaiaren etorkizuna eraikitzeko Plan estrategikoa, bai Turismo Plana eta baita TAOaren ordenantza ere eta hiru prozesu horietan zumaiar askok eta askok hartu dute parte eta poztekoa eta eskertzekoa da hori” azaldu du alkategai jeltzaleak eta jarraitu du esanez, “parte- hartze dinamikak ez ditugu prozesu horietara mugatu, adibidez, auzoekin edota herriko enpresa txikiekin harremanak estutu eta indartu ditugu”.

Gizarte zerbitzuen aldeko apustua egin den legealdia ere izan dela azaldu dute, baliabide ekonomiko nahiz pertsonal baliabideen aldetik, “sailetik aspalditik zetorren eskaerari legealdi honetan eman baitzaio erantzuna” Kortak azaldu duenez. Zumaiarren ongizatea bermatzeko Gizarte Zerbitzuen txanponaren beste aldean dagoen ekonomia eta enpleguaren sustapenaren aldeko apustua ere garbia izan dela adierazi du EAJk. “Udal elkartearekin bailara mailan lan egin dugu, legealdian milioi bat euro inbertitu dira eta horrek eman ditu bere emaitzak” Kortak azaldu duenez eta legealdi honetan Urola Kostako langabezia tasa Gipuzkoako txikiena izatera pasa izana, azken datuen arabera, %7,2koa, aipatu du horren adierazgarri. ”Zumaian, gainera, Enplegu Zentroa ere jarri dugu martxan, zumaiarren lanerako sarbidean laguntzeko” jarraitu du alkategaiak.

Hainbat eta hainbat proiektu egin edo sustatu dituztela ere azaldu du “udal ordezkarion lana ez da soilik udal baliabideak kudeatzea eta inbertitzea, beste erakundeekin elkarlan sustatu behar dugu, Zumaiak dituen beharrak ikusarazi eta behar horiei erantzuna emateko bidean lagundu: Dikea, Santiago, Zaharren Egoitza, zuntz optikoa, igogailuak, Axular...”.

Arantzatxo bat geratu zaiela ere onartu du Kortak, Patxita Etxezarreta, alegia. “Patxita Etxezarreta berritzeak lanketa sakonago bat behar du, afekzio eta aldagai asko kontutan hartu behar direlako, baina lehen bai lehen egin beharra dago, zalantzarik gabe eta konpromiso horri eusten diogu”.

Udal eraikinei ere buelta bat eman dietela azaldu dute jeltzaleek, Forondako teilatua, Hogarreko komunak, leihoak... “Kiroldegian aurreko legealdian baino askoz gehiago inbertitu da baita ere, txiki geratzen ari zaigu eta etorkizuneko beharrei erantzuna emateko azterketa ere egin dugu, baina bitarte horretan ahalik eta zerbitzurik onena bermatzeko inbertsio garrantzitsuak egin ditugu” azaldu du Kortak.

Etxebizitza alorrean egindakoa ere nabarmendu du Kortak, “Torreagaberri hitzarmenaren bidez aspaldian blokeatuta egon den korapiloa askatzea lortu dugu eta horri esker datorren legealdian 100 etxebizitza babestu eraikitzea ahalbidetu dugu. Hitzarmen berri honek ikuspegi soziala izan du oinarri, babes ofizialeko etxebizitzak eta tasatuak lehenetsiz”. Alokairu beka ere aipatu du alkategaiak, “gazteen emantzipazio aukerak areagotzeko jarri dugu martxan” eta Kantauri plazako 3 etxebizitza tasatuak laster zozketatuko direla ere adierazi du.

Hondakin sistemaren gaiari heldu dio ondoren Kortak “2013tik Zumaian sinatuta zegoen hondakin bilketa sistema, baina zokoratuta egon zen, martxan jarri gabe” eta jarraitu du “legealdi honetan, 5 udalerrien artean sistema mankomunatua martxan jartzea lortu dugu, guztion adostasunarekin”.

Errepasoarekin jarraitzeko, hezkuntzaren aldeko apustu garbia ere aipatu du Kortak “lan egiteko eredu bat sortu dugu legealdi honetan, hezkuntza komunitatearekin eta Hezkuntza Sailarekin etengabeko elkarlanean”.

Oposizioko talde nagusiak egin dituen ekarpenei ere egin nahi izan dio errepasoa alkategai jeltzaleak. Ordenantza fiskaletan IBI delako zergan etxebizitza hutsei errekargua jartzea EH Bilduren proposamena izan dela aipatu du Kortak, “EH Bilduk proposatu eta PSE-EEaren aldeko bozkekin atera zen aurrera, gu ez gaude ados neurri honekin, ez zaigulako egokia iruditzen Zumaia bigarren etxetzat dutenak zigortzea” eta jarraitu du “Alokairu bekan, dirulaguntza jasotzeko baldintzak malgutzea, dirulaguntza jasotzeko Zumaian erroldatuta egon beharreko urteak jaitsi eta etxebizitzen alokairuen prezioa topea igotzea proposatu zuen EHBilduk eta hala onartua izan zen plenoan, oposizioko taldeen babesarekin”. TAO sistemari egindako ekarpena ere aipatu du “joan den urtean jarri zen autobus zerbitzua izan zen beren eskakizuna” eta amaitzeko “Aurrekontuetan egin duten ekarpena, euskal hedabideei ematen zaizkien dirulaguntzak handitzea eta udazaintza zerbitzua kontratu baten bidez eman beharrean zuzenean udaletik ematea izan da”

Amaitzeko, Oier Kortak eskerrak eman nahi izan dizkie udaleko teknikariei, 4 urteotan egindako lanarengatik eta hurrengo lau urteetan ere Zumaiaren alde arraunean jarraitzeko bere konpromisoa azaldu du.