MODU JASANGARRIAN ERAIKIZ

Erabiltzailearen aurpegia Zumaiena Ikastetxea 2021ko abu. 20a, 17:13
2030 BASO MAGIKOA

Urteak dira 2030 BASO MAGIKOA espazioa garatzeko lanean gabiltzala. Ate joka daukagu ikasturte berria, eta hainbat fase garatzeko helburuz beteta dator gainera… elkarlanean, beti bezala. Gurpila geldiezina denez, udan ere buru-belarri gabiltza dena prest izateko.

Espazioa modu jasangarrian eta ekologikoan antolatzea eta zaintzea da gure proiektuaren muina, eta ikaslerik ez dagoela aprobetxatuz, lorezain jasangarriak jarri ditugu lanean ikastetxeko basoan: ARDIAK.

1999an, HIRI-NEKAZARITZA edo EKO-ARTZAINTZA delakoaren aldeko aldarrikapena egin zuen Nazio Batuen Erakundeak, mundu iraunkorra eta hobea ahalbidetzeko: aldarrikapen horri jarriki, munduko hainbat hiritan (Paris, Chicago, Boston..) ardiak erabiltzen dituzte berdeguneak garbi eta txukun mantentzeko.

EKO-ARTZAINTZAK makineriaren erabilera ekidin eta erregaien erabilera murrizten du, aztarna ekologikoa gutxituz. Belarra hazteko ongarri naturala eskaintzeaz gain, makinen hotsa ere saihestu egiten du.

Etorkizunerako espazio hezigarriak sortzeko bidean, bitarteko eta baliabide iraunkorrak erabiltzea da gure apustua. Gure ingurua eta mundua eraldatuko duten proiektu eredugarriak bideratu nahi ditugu Zumaienan, eta 2030 BASO MAGIKOA da horietako bat.

Laster jakingo duzue gehiago espazio honen inguruan. Bitartean, jarraitu udaz gozatzen!