Auzo lotsa eta herri harrotasuna

Erabiltzailearen aurpegia Xabier Aizpurua 2018ko mai. 20a, 15:08

Nondik nator eta nora noa. Oikiatik nator eta bertan ikasi nuen, eskola txikian. Txiki-txiki-txikian. Handitzen-handitzen hasi ginen, ordea, burua soildu eta ideiak argitu arte. Orduan sentitzen nuenari orain hitzak jartzeko gai naiz. Gay ere banaizelako, baserritarra eta euskalduna izateaz gain. Beraz, hara, zokoratutako kolektiboak neure epi-dermisean metatuta. Zokormazo halakoa!

Lotu ditzadan zokoa eta erdigunea. Gaur egun asko erabiltzen da “hegemonikoa” adjektiboa gizarte gaiei buruz hitz egitean, eta beti egoten da kontrajarria gutxiagotuta, baztertuta edo zapalduta dagoen kolektiboren bati: hizkuntza hegemonikoa, kultura hegemonikoa, maskulinitate hegemonikoa... Oraingo begiradarekin, iruditzen zait guk oso umetatik barneratu genuela ez genuela ikasten eskola eredu hegemoniko batean. Oikiako eskola ez zela ez Euskal Herriko ume gehienak joaten ziren ikastetxeen modukoa, ez botere publikoak diruz indartzen zuena, ezta prestigio sozial handia zuena ere. Hala ere, horretaz jabetzearekin batera jaso genuen geurea defendatzeko barne-sinesmena, beste inor baino gutxiago ez sentitzen ikasteko lezioa, herri harrotasuna eta, zergatik ez aitortu, periferiatik erdiguneari oihu edota barre egiteko patxada. Txikitako ikasgai horrek niri, behintzat, asko balio izan dit munduaren aurrean naizen bezala aurkezteko, lotsarik gabe. Eta batzuetan, lotsagabe.

Lotsari helduta, dena aipatzea komeni baita, eskola txikiekiko beste jarrera batzuk ere bizi (izan) ditugu Oikian. Handiaren lilura sentituta haurra beste norabait eraman dutenen erabakiak, esaterako. Bertakoa gutxitxo, nonbait; han hobeto, han gehiago. Auzo lotsa deritzo gure albokoa barregarri gelditzen ari dela iruditzen zaigunean sentitzen dugunari. Eta hau horixe da. Auzolotsa. Nork norekikoa, zeuk erabaki. Garrantzirik ez luke izango aipatu dudan jokabide horrek, zorioneko ratioak edo ikasleen gutxieneko kopuruak itolarria eragingo ez balio sarritan eskola txikiari. Bat gehiagorekin, bat horrekintxe, dena borobildu litekeelako, akaso. Gutxiagotasun konplexua. Horrentzat sendabide onena: gutxirekin asko egin daitekeela sinestea.

Hain zuzen ere, horixe da eskola txikien magia, gutxirekin asko egiten asmatzea. Horretan artistak izan ziren 80ko hamarkadan sartutako irakasleak, Oikian hain estimatua dugun Feli Uria, adibidez, hogeitaka urte luzez bertan andereño aritua. Ikastolek eta euskal eskola publikoak izandako irakinaldiaren testuingurutik zetorren irakasle eredu hark borondatezko konpromisoa erruz gehitu zion soldatapeko lanari. Dena den, magia egiten zutela esatea ez da nahikoa, aipatu gabe uzten baitira haiek bizitako kezkak, nekeak, begi zuloak, larritasunak, denera ezin iritsia... Hura guztia egin zutelako gaude gu hemen, orain, eroso ordenagailu aurrean honi buruz idazten. Nahiz eta aitortu behar dudan erosoan negarrak eraso nauela, zotinka hasi naizela, barnean zerbait lehertu balitzait bezala, inoiz behar bezala eskertuko ote diegun neure buruari galdezka. 

Emozioen biltegia irekita, zer gehiago nahi duzue, ba, esatea? Bitxikeria bat, amaitzeko. Behin antolatu genuen korrika apustu bat plazan zegoen frontoian, eta saltaka-saltaka abiada bizian nindoala danba! jo ez nuen ba kopetarekin pareta. Errealismo dosiak berehala esnatu ninduen. Ordutik, helmuga zena abiapuntu bihurtu eta korrika apustuak frontisetik hastea erabaki zen. Bizitzaren ikasgaia. Abiapuntua eta helmuga non jarri. Bizitzako galdera handiak. Nondik gatoz eta nora goaz.