Musika eta Dantza Eskolaren ikasgaietarako izen-ematea bihar zabalduko da

Erabiltzailearen aurpegia TxoriTxikiMusikaEskola 2018ko ira. 2a, 10:02

Irailaren 3etik 6ra bitartean Txori Txiki Musika eta Dantza Eskolako ikasgaietan matrikulatzeko epea zabalik izango da, Ubillos jauregiko bulegoan 17:30etik 19:30era. Matrikulak mugatuak izango dira.

2018/19 ikasturtean ikastaro trinko desberdinak eskainiko dituzte. Urritik otsailera (luzatzeko aukerarekin) plaza dantzak, dantza garaikidea eta antzerkia emango dira. Azarotik aurrera, berriz, 0-3 urteko umeei zuzendutako musika tailerra eskainiko da. Ikastaro hauetarako matrikulazio berezi bat zabalduko da iraila erdikaldetik aurrera.

Gure helburu nagusiena edozein adinetako pertsonei dantza eta musikaren arloetan prestakuntza praktikoa ematea da, eta aldi berean lanbide-heziketarako prestaketa, interesa edo bokazioa duten pertsonei. 

Musika eta dantza jardueretan aukera zabalak eskeintzen dira, joera desberdinak landuz, bai bakarkako lanetan baita taldean ere. 

Zumaiako gizarte eta kultur bizitza aberasteko eta dinamizatzeko asmoarekin hainbat jarduera antolatzen ditugu urtean zehar. Ekintzaz beteriko ikasturtea izaten dugu: Xexili astea, Inauteriak, santelmoak, elkartrukeak, topaketak, entzunaldi eta kontzertuak, dantzari txikiak, etab.

2018-19 ikasturteko klaseak Irailaren 10ean hasiko dira.