Eman diezaiogun herri bultzada euskarari

Erabiltzailearen aurpegia Sortu Zumaia 2022ko abe. 3a, 10:00

Bukatu da Euskaraldia. Eragin diogu egunotan mingainari eta astindu ditugu inertziak. Bagenuen beharra! Nolanahi ere, ez gaude ospakizunetarako. Kezkaz begiratzen diogu euskararen egoerari, eta baditugu horretarako hamaika arrazoi: euskararen erabileran atzerakada zantzuak nabari dira; batez ere, herri euskaldunetan.

Zumaian bertan nabarmen egin du behera kaleko erabilerak, eta kalean entzuten diren elkarrizketen erdia pasatxo dira euskaraz. Baina kezkarako motibo gehiago ere badugu. Besteak beste, hezkuntzaren bidez euskararen ezagutza zabaltzeak ez du ekarri erabilera handitzea, eremu digitalean euskararen presentzia bermatzeko neurririk ez da hartzen eta, horrez gain, euskararen aurkako ofentsiba judizial eta politiko areagotu egin da, sarritan, zapaltzailea zapaldu moduan aurkeztuz.
 
Euskarak behar du  erabilia izan, eta behar du herritar guztion bultzada. Baina, aldi berean, argi dugu norbanakoon ahaleginak soilik ez duela euskara behar duen lekura eramango, eta, are, uste dugu arduragabea ere badela euskararen etorkizunaren pisua norbanakoen ohituretan soilik uztea.
 
Hizkuntza politika ausart eta eraginkorren beharra du euskarak, eta hori da eztabaidaren zentroan jarri behar dena. Azken hamarkadetan euskararen biziberritze prozesuan aurrerapen nabarmenak egin badira ere, prozesu horren mugak ere agerikoak dira, eta beharrezkoa da jauzi bat ematea hizkuntza politiketan; besteak beste, ezagutzaren unibertsalizazioa lortzea, hezkuntzan euskararen eta euskal kulturaren transmisioa bermatzea eta euskarari arnasa emango dioten hizkuntza politika integralak garatzea.
 
Ez dago denborarik galtzeko, eta premiazkoa da bide horri lehenbailehen ekitea. Era berean, ordea, argi dugu estatu tresnarik eta burujabetzarik gabe ezingo dugula euskaraz bizitzeko oinarrizkoa den ekosistema lortuko. Gure hizkuntza galbidera eraman nahi duten bi estatu ditugu aurrean. Gaurkotasun osoa du oraindik Txillardegiren esaldi hark: "Estatu batekin, agian, euskara ez da salbatuko; gabe, ziur ezetz". Horregatik, elkar hartuta ulertzen ditugu euskararen aldeko borroka eta burujabetza prozesua.
 
Badagokigu, beraz, hizkuntzaren auziari behar duen zentraltasuna eman eta hizkuntza politika eraginkorrak martxan jartzea, epe luzerako perspektibaz. Halaber, badagokigu euskararen aldeko lana bultzatzea indartzea ere. Horretan, zorionez, Zumaian bada giharra.
 
Ez dezagun denborarik galdu! Gora Euskal Herri euskalduna!