M7 ONTZIRATU

Igandeko herri galdeketaz jakin beharrekoak

Erabiltzailearen aurpegia Ontziratu Zumaia 2017ko mai. 4a, 16:20

Igandean egingo den herri galdeketaren inguruko informazio praktikoa aurkituko duzue hemen, izan ditzakezuen zalantzak argitzeko.

Galdeketa zertarako?

Herritarrok lau urtean behin gure ordezkariak hautatzea baino gehiago eskatzen dugu. Zenbait auzo herri bilakatzeko, zezenketen etorkizuna erabakitzeko … galdeketak egiten badira, nola ez ditugu egingo gure herriaren etorkizuna eta antolaketa politikoa erabakitzeko?

Herri galdeketa honekin... 

-Demokrazian sakonduko dugu.
-Herritarrok ahaldundu egingo gara.
-Herritarrok gure etorkizuna erabakiko dugu.
-Erabakiak elkarrekin hartuz, bizikidetza landuko dugu.

Zergatik bozkatu? 

Galdeketa hau ez da loteslea juridikoki. Hala ere, balio handikoa da, bai sinbolikoki, baita praktikan ere. Galdeketak ondorio positiboak izango ditu gizartean. Emaitza edozein dela ere, erabakia elkarrekin hartuko dugunez, komunitatea zatitu beharrean, batu eta sendotu egingo dugu, eta bidea irekiko diogu eztabaida askeari zein erabakiari. Etorkizunean herri honetan antolatuko den kontsulta lotesle eta erabakigarriari zilegitasuna eman eta prozesua azkartu egingo du galdeketa honek.

Galdera eta aukerako erantzunak

Urola-Kosta osoko galdera bera izango dugu Zumaian: Nahi al duzu izan euskal estatu burujabe bateko herritar?

Aukerak hauek dira: bai, ez edo zuri. Baietzak eta ezetzak papeleta bana izango dute.

Hautesle-kopurua, hauteslekuak eta ordutegia

Maiatzaren 7an 8.140 zumaiarrek izango dugu bozkatzeko aukera. Bozka-lekuak 09:00etatik-20:00ak arte -egongo dira zabalik, hiru leku hauetan:

-Beheko plaza [3 mahai]
-Victoriano Arrate etorbidean [2 mahai]
-Oikiako plaza [mahai 1]

Hiritarrek nahi duten bozka-lekura joateko aukera izango dute.

Nork eman dezake botoa?

Zumaian erroldatua egon eta 2017ko maiatzaren 7an 16 urte edo gehiago  dituen orok,  bere nortasuna, adina eta bizilekua egiaztatzen  baditu.

Nola egiaztatu hautesleen nortasuna, bizilekua eta adina?

Galdeketa honetan ez dugunez Estatuko nahiz herriko erroldarik erabiliko, sistema informatiko bat erabiliko da pertsona batek bi aldiz bozkatzen ez duela bermatzeko.

Sistema informatiko horrek agiri identifikatzailearen zenbakia baino ez du erregistratuko.

Agiri identifikatzailea

-NANean Zumaiako helbidea baduzu, NANa nahikoa.
-Euskal Herriko EHNA + errolda-agiria (NAN-zenbakiarekin).
-Gida-baimena edo pasaportea + errolda-agiria

(Agiri eta dokumentu bidez, adina eta bizitokia frogatu beharko da, bai eta NAN-zenbakia azaldu ere, hori erabiliko baita erregistroa egiteko. Horiek dira bozkatzeko beharrezkoak ditugun datuak).

-Espainiar estatuak herritartzat hartzen ez dituen pertsonek Osakidetzako txartela + errolda agiria + argazkidun dokumentu ofizialen bat (pasaportea, NIEa, gida-baimena, …).  (Erregistrorako Osakidetzako zenbakia erabiliko da).

OHAR GARRANTZITSUA: Gogoratu galdeketa-eguna, maiatzak 7, igandea dela; beraz, udaletxea itxita egongo da. Errolda behar izanez gero, aurrez eskuratu beharko duzue.

KONTUZ: Agiriak originalak izan behar dute. Ezin ditugu fotokopiak onartu.

Hauteslekuak

Mahaiak 7:30ean osatuko dira eta mahai bakoitzean gutxienez hiru lagun egongo dira: mahaiburua + 2 mahaikide. Jarraipen-batzordeko kideak ere mahaietan egongo dira.

Bozka-lekuek boto-emaileentzat gune bat izango dute, nahi badute, inork ikusi gabe, gutun azalean beren aukerako boto papera sartzeko.

Non/nola eskuratu boto-paperak

-Zumaiako etxe guztietara banatuko dira boto-paperak eta gutun-azalak.
-Hauteslekuetan ere egongo dira boto-paperak eta gutun-azalak.

Berme-Batzordea eta Begirale-Batzordea

Galdeketaren antolaketa eta jarduera guztiak juridikoki bermatuak egongo dira maiatzaren 7an eta baita bozka aurreratuan ere. Galdeketen protokoloak jasotzen dituen baldintzak beteko direla ziurtatzeko berme-batzorde bat izango da. Hauek dira Zumaiako berme-batzordeko kideak: Montse Atxega, Lucia Arzuaga, Miguel Angel Aperribai eta Iñaki Agirrezabalaga.

Begirale-batzordearen eginkizun nagusia, galdeketa herri-galdeketei aplikatzen zaizkien estandar orokorren arabera burutu dela ziurtatzea eta egiaztatzea izango da.

Parte-hartze datuak eta emaitzak

Aurreneko parte-hartze datuak 12:30ean izango ditugu; bigarrenak, 17:30ean; eta 20:00etan, bozka-lekuak ixtean, egun osoko parte-hartze datua. Emaitzak, berriz, botoak zenbatu bezain laster jakinaraziko ditugu sare sozialen zein BALEIKEren bitartez (www.baleike.eus).

Boto-zenbaketa publikoa izango da, eta edonork ikusteko aukera izango du.