Huddersfield-New York-Zumaia Connection

Erabiltzailearen aurpegia Marixi Sesma 2022ko urt. 14a, 08:03

Musika klasikoaren deszentralizazioa interesatzen ez bazaizu, ez du merezi hau irakurtzen jarraitzea, ez galdu denborarik, baina uste baduzu hiriburuan bizi den norbaitek bezalaxe zergak ordaintzen dituzula, agian bai. Zuk erabaki.

Aspaldi zioen Doris Lessing-ek “gobernu bateko, sail bateko, ministerio bateko edo gobernuko edo Administrazioko edozein erakundetako goi-kargudunek ez dakite inoiz zer gertatzen den gizarteko behe-mailetan”. Eta idazle berberak –XX. mendean eragin handienetako bat izan zuen emakumeak– zioen, baita ere, “gaur egun, gure teknologia berriak eraginkortasunez erabiltzeko hezten den jendea da munduko elitea, baina, epe luzera, uste dut frogatuko dela lehen ‘humanistak’ esaten zitzaien ikuspuntu hori –ikuspegi globala, kontenplatiboa– izateko prestatutako pertsonek izango dutela eraginik handiena. Pertsona horiek munduan gertatzen direnak baino gauza gehiago ulertzen dituztelako, besterik gabe”.

Hezkuntzari dagokion azken lege aldaketatik (LOMLOE) eratorritako curriculumek, ordea, badirudi ez dutela lagunduko hausnarketa kritikoaren garapena hobetzen, edo ez dutela bultzatuko, behintzat.

Proposamen bat egiten dizut, honako datu hauek kontuan hartu eta hausnartu zure kabuz (horretarako denborarik hartzen baduzu, noski):

Euskal Herrian gaur egun ditugun batxilergo modalitateak eta bideak hiru dira: alde batetik, Zientziak; bestetik, Giza eta Gizarte Zientziak (bideak: Giza Zientziak eta Gizarte Zientziak); eta, azkenik, Arteen modalitatea.

Urola Kosta eskualdean kokatutako testuinguruan Musika Arloko Bitartekaritza, Kudeaketa eta Zabalkundeko Masterraren amaiera lanerako egindako ikerkuntza baten ondorio batzuek diotenez, besteak beste, Gipuzkoako Lurralde Historikoak 726.732 biztanle biltzen ditu (2020ko urrian). Inguru horretan, XXI. mendean sarturik eta Lurralde Historikoaren Legea (Carlos Garaikoetxeak sinatuta, 1983an) egin eta ia 40 urtera ez dago musikarako ikasketa zentro arauturik, hau da, balio ofiziala duenik eta  herritarrak Urola Kosta eskualdean prestatzeko aukera hori izan dezaten. Lege hark zuen helburuetako bat zen kultura-sektorea garatzeko aukera ematea herritar guztioi. Baina paperean soilik; izan ere, errealitateak beste kontu bat jarri du mahai gainean: batetik, Urola Kosta eskualdean ez dago Batxilergo Artistikorik eskaintzen duen zentrorik, eta ikasketa profesionalak dituen kontserbatoriorik ere ez (Irunen, Errenterian eta Donostian baino ez daude Gipuzkoan); bestetik, gainera, herrietako baliabideak eta azpiegiturak ez dira gaur eguneko beharretara egokitu eta leku aproposak ez daude sobran.

Master amaierako lanak harremanetan jarri ditu munduko beste leku batzuetan ere ildo bereko ikerketak; alegia, musika klasikoaren deszentralizazioa. Esaterako Huddersfield University Ingalaterran edota Manhattan School of Music New York-en. Gaiak garrantzi handia du.

Eta hasieran Doris Lessing-ek esaten zuenaren harira bueltatuz, hona hemen Zumaian gertatzen den adibide bat. Udaran izaten den Musika Jaialditik punta-puntako artistak pasatu dira askok jakin gabe. Ondo legoke estatistika moduko bat egitea –harrituko ginateke–, baita Jaialdiaren hasieran funtsezkoak izan ziren ikastaroak leheneratzea ere; izan ere, belaunaldi batzuentzat Zumaiako Udarako Ikastaroa erreferentea izan da. 37. edizioa amaitu eta gero, herrian musikari profesionalak eta kultur munduan ekarpen bikainak egiten dituzten pertsonak badaude, eta ez bakarrik Zumaian. Horren “errudun” handia Musika Jaialdia izan da, bertan ikusi eta entzuteko aukera egon delako eta euren ibilbidetan zerikusia izan duelako. Musika Jaialdia hasi zenean, piano ikastaro batzuen aitzakian, bertan aritzen ziren irakasleek eskaintzen zituzten kontzertuak (ez da ahaztu behar zumaiar bat ere tartean zela) eta gaur egun, esate baterako, San Pedro Abesbatzak bere urteko kontzerturik bereziena eskaintzen du Jaialdian, Musika Bandak ere bere lekua du, herriko musikari profesionalek ganbara taldeekin kontzertuak eskaintzen dituzte eta Jaialdiak musikari profesionalez osaturiko orkestra egoiliarra du (Sapere Aude Sinfonietta). Eta, gainera, musika klasikoan zuen oinarriaren esparrua zabaldu egin da, hau da, haurrei keinua egiten zaie eta beste diziplina batzuei ere bai: musika garaikidea, jazz-a, dantza, euskal musika, Donostiako Musika Hamabostaldiarekin lankidetza… Kostatuko da egoera hori lortzea eta topatzea maila honetan egiten den beste musika jaialdiren batean. Hori guztia gutxi balitz, goi mailako hainbat zentrotan egin diren masterreko ikerkuntzetan[1] ere Zumaiako Musika Jaialdiarekin erlazionaturiko kontuak balio adierazgarria dute.

Etorkizunera begira, ordea, batetik kultur esparruan hamaika diziplinatan bertako profesionalen belaunaldi bikaina dago eta aprobetxatu egin behar da trena; eta, bestetik, XXI. mendean sartuta, garaiko baliabideekin lan egin behar da.

Eta etorkizunari begira ere ezinbestekoak dira hiru zutabe zaintzea: batetik, edukiek aberasgarriak behar dute izan herrirako eta gizartearentzat; bestetik, etorkizun sena, alegia, eskaintzen denak kontsumo hutsa izatetik haratago joan behar du, hau da, entretenimendu hutsa baino gehiago izaten saiatu behar du, kalitatea ahaztu gabe, eta hala, musikaren kulturarekin sentsibilizatuta eta inplikatuta dagoen gizartea eraiki behar da, benetako herrialde garatuak bezala; eta, azkenik, giza kapitalaren eta testuinguruaren ezagutzaren zaintza.

Halaber, ez da ahaztu behar, ezta ere, baliabideak eta azpiegiturak eguneratu eta beharrei egokitzea, hori horrela izanik, herritarren garapenari eta etorkizunari begira, mende honetan jada eskatzen diren lanbide berriak gauzatuko direlako; alegia, Kultura ere industria bat da. Baina balio erantsia du, Kultura herrialde bat neurtzeko erabiltzen den termometroa baita.

Nork ditu argi luzeak piztuta Musika Klasikoaren deszentralizazioa bermatzeko?

 

[1] -What are the social impacts of attending live classical music events staged in small towns? (University of Westminster, London, 2017)

-El acceso a la música clásica en la comarca de Urola Kosta: A propósito de la descentralización de la cultura musical (Musikene, Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegia, 2021)