Emakumeen ongizatea eta eskubideak

Erabiltzailearen aurpegia Maider Urbieta 2020ko urr. 29a, 07:15

Martxoko Baleike aldizkarirako elkarrizketatu gintuzten Vanessa eta biok, Zumaiako Emakumeon* Etxearen ezaugarriak eta helburuak ezagutzera emateko. Luze eta zabal aritu ginen azalpenak ematen Onintza Lete elkarrizketatzaileari. Jasotako informazio hartatik, honako ideia hau nabarmendu zuen berak: “Maila xumean, baina egon egin behar dugu emakumeok elkarrekin, eta hori izan dadila gure indargunea: taldea, gu”. Hitz gutxitan, ederki laburbildu zuen zein den gure proiektuaren oinarria.

Denbora luzea pasa da martxotik, ordea, eta guztion bizitzak aldatu egin dira tarte honetan. Jakin badakigu emakume askok eta askok bizipen latzak pasa dituztela, eta lehendik zeuden egoera gogorrak larriagotu egin direla. Gainera, horren aurrean, inoiz baino bakartuago edo isolatuago egon gara, sekula baino aukera gutxiagorekin indarrak batu eta elkar babesteko.

Euskal Herriko Koordinadora Feministak, Autonomia Erkidegoko hainbat talde eta emakumeren ahotsa jasota, pandemiaren inguruko hausnarketa sakona argitaratu du itxialdian. Ondorio nagusia izan da larrialdi egoerak agerian utzi duela zaintza krisian gaudela aspaldidanik. Beste hitz batzuetan esateko, historikoki ikusezina izan da emakumeek egin duten ordaindu gabeko zaintza lana. Pixkanaka, lan hori profesionalizatzen joan da, baina ez zaio eman jendartean behar duten lehentasuna eta zentralitatea. Egoera honetan, zerbitzuek eta profesionalek bete ezin izan dituzten zaintza lanak familien esku geratu dira, eta bereziki familietako emakumeen esku (beste behin ere).

Bestalde, ikusi da larrialdi egoeran oinarrizkotzat hartu diren lanetatik asko aipatutako zaintzarekin lotuta daudela, eta bereziki emakumeek egiten dituztela (garbitzaileak, egoitzetako edo etxez etxeko langileak, osasuneko edo gizarte zerbitzuetako langileak…). Lanbide horiek askotan ez dute merezi duten errekonozimendua jasotzen, eta aspaldidanik ari dira euren egoera salatzen. Erreparatu beharrik ez ditugu, besteak beste, egoitzetako langileen grebak, edo anbulatorioetako langileen elkarretaratzeak.

Horrez gain, Koordinadora Feministak nabarmendu du beste hainbat lanbide feminizaturen egoera ere okertu egin dela. Hala nola, barne erregimeneko etxeko lana (interna deitzen diegunak), sexu lana, supermerkatuetako langileak, telemarketina, landa inguruneko produktore txikiak eta baserritarrak.

Amaitzeko, ezin dira ahaztu euren erasotzaileekin bizi diren emakumeak eta adin txikikoak, itxialdian 24 orduz erasotzailearekin eta kontrolpean egon behar izan direnak. Atseden hartzeko, ordu batzuetan inguru lasaian egoteko eta, beharra izan duten momentuan, laguntza eskatzeko aukerarik gabe egon dira hilabete luzez.  

Esandako guztiaren aurrean, Euskal Herriko mugimendu feministek zera aldarrikatzen dute: bizitzak erdigunean dituen sistema eraiki beharra. Guztion ongizatean eta eskubideetan oinarritua egongo dena, alegia.

Zumaiako Emakumeon* Etxetik ere Euskal Herri mailako proposamenari jarraituko diogu, jendarte bidezkoagoaren alde lan egiteko. Hainbat ekintza ditugu prest dagoeneko: hil honen hasieran Topaketak izan ditugu pandemiaren gaia lantzeko; hilaren 23an, zaintzaz hausnartuko dugu herritar orori irekita egongo den saioan; emakumeentzat jabetze ikastaroak hasiko dira; eta emakumeak elkartzeko, babesteko eta indarrak batzeko hainbat ekimen gehiago antolatuko ditugu.