Euskarak har dezala herria

Erabiltzailearen aurpegia Larraina Euskara Elkartea 2022ko api. 24a, 17:33

Sartu gara santelmoetan, kalea hartu dugu berriz eta pandemia aurreko bizitza indarberrituta berreskuratu dugu. Poza eta alaitasuna eta bizitzeko gogoa itzuli dira herriko etxe, kale eta zoko guztietara. Aukera paregabea dugu, beraz, euskara ere gure bizitzara, jai girora ekartzeko.

Pandemia garaian, tamalez, euskara beltza izan da, ikusezina bizitzako arlo askotan. Euskara beltza politikarien ahoetan, beltza hedabideetan, beltza instituzioetan. Eta beltza, baita ere, herritar asko eta askoren egunerokoan.

Urteak, zorionez, berri ezin pozgarriagoa ekarri digu: KORRIKA.

Korrikak poza eta euskararekiko lotura zabaldu du herri osoan zehar. Euskarari argia eman dio, zuen kolore beltza hamaika kolorez margotu. Zumaian ere gaueko orduetako iluntasunean txinparta koloretsuz margotu zuen herria, eta euskara eta euskaltzaleok elkarrekin euskarari argia eman eta gozatu ederra hartu genuen kaleetan zehar.

Korrikak berriro ere olatu gainean jarri du euskara, kolore bizi eta distiratsuz argitu. Ez dezagun Korrikaren olatua pasatzen utzi, segi dezagun olatu zoragarri horren gainean eta aprobetxatu ditzagun santelmoak, euskaraz egiteko, kaleak euskara kolorez argitzeko, euskara maitatzeaz gainera euskaraz gozatzeko, maite dugun hori zaintzeko, gure irrintzia lau haizetara zabaltzeko. Zikindu dezagun euskara bizitzaz eta pozez. Izan ere, gure eskuetan dago euskararen argitasuna, euskararen geroa, euskara dugu gure eremu libre bakarra, euskara gu gara.

Zumaiarra, intzaN/K, eizu euskaraz santelmoetan.

Gora santelmoak eta gora Zumaia euskalduna!