Euskararik gabe ez gara!

Erabiltzailearen aurpegia

Lerro hauen bitartez herriko euskararen komunitatearen hainbat eta hainbat herritarrok sentitzen dugun kezka eta mina adierazi nahi dugu.

Pandemia hasi zenetik, nabarmen egin du behera euskararen presentziak bizitzaren alderdi guztietan. Behera egin du hedabideetan, behera politikoen ahoetan, behera hainbat eta hainbat zerbitzutan, behera oro har gizarte osoan. Eta behera gure herrian bertan ere herriko kaleetako paisaian. Azkeneko garai honetan, gero eta gehiago dira herriko denda-leihoetan erdara hutsean ditugun iragarki komertzialak, gero eta gehiago taberna atarietan erdara hutsean dauden kartak eta eskaintzak, gero eta gehiago bankuetako leihoetan erdara hutsean dauden kartelak… Eta horrek, euskara gure eguneroko bizitzako hainbat esparrutatik desagertzeak, kezka sortu eta mina eragiten digu herritar askori. Bada bakoitzak bere etxean nahi duena egin lezakeela aldarrikatzen duenik, bada bakoitzak bere etxean nahi duen hizkuntza erabiltzeko eskubidea duela aldarrikatzen duenik, baina ez ote dugu guk, euskararen komunitatea osatzen dugunok, gure herrian gure hizkuntzan bizi ahal izateko eskubiderik? Bigarren mailako herritar izan behar ote dugu gure herrian ere, euskararentzat arnasgune eta sostengu kontsideratzen dugun Zumaian ere?

Laster, Aste Santua izango dugu. Herria kanpoko jendez beteko zaigu. Herriko turismo-bulegoan datozen guztiei euskararen herrian daudela esango diete, oinarrizko euskarazko hiztegi txiki bat ere banatuko diete herrian errazago ibil daitezen eta euskarara zumaiarron ondarea dela ere esango diete. Baina beldur gara, kalez kale herrian bueltaka dabiltzanean, ez ote duten hau pentsatuko: “Ez da, bada, horrelako alderik Zumaia eta Euskal Herritik kanpoko beste herrien artean…”.

Herriko euskara komunitatea osatzen dugun askok eta askok herrian euskaraz bizitzeko eskubidea izan nahi dugu, herritar oso sentitu nahi dugu eta kanpotik datozenei erakutsi nahi diegu  euskararen herrira etorri direla, euskara benetan dela gure ondarea eta gure identitatearen ikur. Eta horretarako euskara bizi behar dugu aho-ezpainetan eta kaleetako paisaian; izan ere,  euskararik gabe ez gara-eta benetako herritar.

 

Larraina Euskara Taldea