Lehen mailara igo da Kbiren A taldea

Erabiltzailearen aurpegia Kbi Zumaiako Xake Kluba 2023ko mar. 27a, 09:34

Kbi Zumaiako xake klubeko A taldea Gipuzkoako xake ligako lehen mailan arituko da datorren denboraldian. Klubak denboraldi honetan lortutako bigarren igoera da, duela hamabost egun C taldeak bigarren mailara igo ondoren. 

Denboraldi ezin hobea izan da hau Kbi Zumaiako xake klubarentzako. Gipuzkoako xake ligan aurkeztu dituen hiru taldeetatik bik mailaz igotzea lortu dute. C taldeak duela hamabost egun lortu zuean hirugarren mailatik bigarrenera igotzea. A taldeak, berriz, pasa berri den larunbatean lortu du helburua. 

Kbi-eren A taldeak puntu bakarra behar zuen mailaz igotzeko, eta esan daiteke aurkariak Zumaiara heldu aurretik helburua lortu zuela. Izan ere, Tamarindo B taldeko lau jokalarietatik hiru bakarrik agertu ziren Zumaiara, eta, ondorioz, jokatu ez zen irabazitzat eman zitzaion Kbi A-ri. Beste hiru jokalariek ere, Oier Sarasketak, Xabi Aranzabalek eta Fermin Laurobak, beraien partidak irabazi zituzten, eta 4-0 emaitzarekin gailendu ziren igoera faseko azken jardunaldian. 19,5 puntuetara berdinduta amaitu dute Bidasoa Xake B-k eta Kbi A-k liga.