Oier Sarasketa Irastortzak 12 urtez azpiko xakeko mundiala jokatuko du

Erabiltzailearen aurpegia Kbi Zumaiako Xake Kluba 2022ko abu. 23a, 11:29

Txapelketa Georgian izango da irailaren 14tik 28ra, eta heldu batekin joango da bertara. Herriko elkarte eta enpresen logoak elastikoan eramateaz harro egongo gara.

Oier Sarasketa Irastortza Kbi xake klubeko kideak Georgian jokatuko den Munduko Txapelketan parte hartuko du. 12 urteko gure klubeko jokalariak irailaren 14tik 28ra izango den munduko txapelketara joateko puntuazioa lortu du berriki jokatu den Espainiako Txapelketan.

Gure klubarentzat lorpena oso garrantzitsua eta pozgarria da, gazteen garapen eta formazioan egiten ari garen lanaren ondorio. Oier adin txikikoa izanik, heldu baten laguntzarekin izango da Georgiako Munduko Txapelketan 14 egunez, eta, han, Zumaiako xake taldea ordezkatuko dute.

Ekitaldi horren kostua 4.000 eurotik gorakoa da, eta pentsatu dugu Zumaiako bi ordezkariek elastiko bana eramatea babestuko gaituzten enpresen logoekin, ekitaldiak irauten duen bitartean. Mundu osoko milaka pertsona joango dira bertara, eta Zumaiako edozein elkarte edo enpresa ertainen zein txikiren marka erakutsi eta eramateaz harro egongo gara.

Beraz, bateren bat gure bidaian laguntzeko prest badago, gurekin harremanetan jar dadila klubeko helbide elektronikora idatzita: zumaiakoxaketaldea@gmail.com.

Hona hemen ekitaldiaren informazio gehiago lortzeko bidea.

Mila esker, eta aupa Oier!!!