Emaitza onak lortu ditu Oier Sarasketak Espainiako xake txapelketan

Erabiltzailearen aurpegia Kbi Zumaiako Xake Kluba 2022ko uzt. 19a, 11:30

Zortzigarren postuan bukatu du Oier Sarasketak 12 urtez azpikoen Espainiako xake txapelketa, laugarren sailkatuarekin puntuetara berdinduta.

Bederatzi partida jokatu eta gero, zazpi punturekin bukatu du txapelketa, irabazlearengandik puntu bakar batera, maila bikaina erakutsiz, eta Espainia mailan jokalaririk onenen artean dagoela erakutsiz.

Partida azkarren txapelketa ere jokatu zen larunbat arratsaldean eta igande goizean. Larunbatean jokatutako lau partidetan 3,5 puntu aterata bikain hasi zuen Sarasketak txapelketa, baina igande goiza ez zen oparoa izan eta azkenean bost punturekin bukatu zuen ibilbidea. 

Astelehen goizean elkarrizketatu zuten Oier Sarasketa Euskadi Irratiko Faktoria irratsaioan. Txapelketaz eta bestelako gaiez hitz egin zuen xake jokalari gazteak.

Horrelako berri onek indartu egiten dute Gipuzkoako xakea eta baita Zumaiakoa ere noski. Ea lortzen dugun Zumaian gazte gehiago xakera hurbiltzea.