Xakez betetako larunbata

Erabiltzailearen aurpegia

Xakez betetako larunbata izan da azkenekoa. Donostian eta Getarian aritu dira Kbi xake klubeko jokalariak pasa den asteburuan.

Kimuen mailako hiru zumaiar izan dira Donostian, eskolarteko Gipuzkoako xake txapelketan. Oier Sarasketa bigarren izan da sailkapenean, bost partida irabaziz eta bat berdinduz, lehengoarekin berdinduta; maiatzaren 28an eta 29 an jokatuko den Euskadiko txapelketara sailkapena lortu du. Adur Sanchezek bi puntu atera ditu eta Asier Olivak 1,5 puntu. Denek gustura bukatu dute txapelketa.

Bestetik, goizean ere, Getarian Antxoa eguna dela eta, Xabier Aranzabal, Kepa Aizpurua eta Oscar Aizpuruak bertako xake txapelketan aritu dira. Euskal Herriko hogei taldek parte hartu dute eta zumaiarrek bederatzigarren postu bikainarekin bukatu dute jarduna.
 
Arratsaldean, aldiz, Donostian, Groseko Udaberriko Opena hasi da; larunbat honetan hasi eta Ekainaren 12ra arte jokatuko dira partidak. Bertan, Aitor Sarasketak eta Oier Sarasketak hartu dute parte, eta hiru orduko partidak jokatu eta gero, Aitorrek galdu egin du; Oierrek, aldiz, irabazi. Hurrengo larunbatean izango da bigarren jardunaldia.