Asteburu txarra Kbi xake klubeko taldeentzat

Erabiltzailearen aurpegia Kbi Zumaiako Xake Kluba 2022ko mar. 28a, 17:23
Artxiboko argazkia.

Pasa den asteburu hau ez da ona izan Kbi xake klubeko taldeentzako. Biek ala biek galdu dituzte jokatutako norgehiagokak. 

Bigarren mailatik lehenengora igotzeko play offeko norgehiagoka izan zuen Kbiko lehen taldeak larunbatean Irunen. Bidasoa Fiantxeko 2019 klubeko A taldearen aurka neurtu ziren zumaiarrak. Sailkapeneko lehen bi taldeak ziren lehian, eta irundarrek nagusitasun handia erakutsi zuten: 3,5-0,5 emaitzarekin gailendu zen etxeko taldea. Kbiren aldetik Fermin Laurobak –berak lortu zuen zumaiarren puntu erdia–, Xabier Aranzabalek, Oier Sarasketak eta Iñaki Arrietak jokatu zuten.

Jardunaldi honen ondoren, lidergoa galdu du talde zumaiarrak; Irungoak dira orain multzoko liderrak, 16 punturekin; Kbi A bigarren da, 13,5 punturekin. 

Datorren larunbatean jokatuko da igoera faseko hirugarren jardunaldia, eta berriro ere Irunera joan beharko dute Zumaiako xake jokalariek; oraingo honetan Bidasoa Fiantxeto 2019 klubeko B taldea izango dute aurkari. Irundarrak multzoko hirugarren postuan aurkitzen dira orain. 

B taldeak ere ez zuen egunik onena izan larunbatean. Eibar liderra izan zuen aurkari, eta 1-3 emaitzarekin galdu zuen. Miguel Manterolak lortu zuen garaipen bakarra; Kbirekin jokatu zuten beste hiru jokalariak Ekain Garcia, Oscar Aizpurua eta Endika Ruiz izan ziren. 

Bederatzi jardunaldi jokatuta, hirugarren mailako bere multzoko laugarren postuan da Kbi B, 17,5 punturekin. Hurrengo asteburuan bigarren postuan dagoen Bidasoa Fiantxeto D taldea izango du aurkari, Irunen.