Piriniotatik postala

Erabiltzailearen aurpegia Josu Waliño 2020ko uzt. 1a, 15:20
Aupa Kattan,
 
Herria turistaz betetzen hasi zaigunez, nik ere nire barnean bizi den turista atera diat paseatzera. Horregatik, oraingoan, gutuna bidali beharrean postala bidaltzen diat, ez Kantabriatik, hori Bizkaitarrentzat utziko diagu, nirea Piriniotatik dator.
Beno, postalekin gertatu ohi den moduan, ni lehenago iritsi naiz Zumaira postala baino. Dena dela, hor uzten diat Midi d’Ossauren argazkia, begiak gozatzeko. Bakoitzak bere ihesbideak ditu, eta hik aurrekoan esan bezala hireak kontzertuak eta Kabi dituk. Ni kontzertu batean topatzea zaila izango duk, baina deskonektatzeko beharra dudanean harraldea eta mendia izaten dira nire ingurune kuttunak. Horregatik, desfaserako aukera eman bezain laster Piriniotara ihes egiteko aprobetxatu diat. Onartuko diat, Kattan, uste nuena baino oxigeno falta handiagoa nuela. Mendian igarotako egunen askatasunari esker azken hilabeteotan galdutako bizitzaren zati bat berreskuratu dudala sentitu diat.
 
Zoritxarrez ezer ez da betirako eta bueltan nauk maskarilladun errealitatean. Etxera buelta ere bigarren deseskalada baten moduan bizitu diat, autoan Gipuzkoara gerturatzen joan ahala denboran atzerako bidaia balitz bezala. Autoko irratia piztuta, gure inguruko irratiak sintonizatu orduko DeLorean baten barruan sentitu naiz, Back to the future egin ordez Back to the elections bidaiatuz. Irratiko uhinetatik, bere burua betikotu nahi duen robota sartu zait lehenik auto barrura, eta haren atzetik arrapaladan sartu dira beste guztiak: soinujolea, Txoko-latexeko aurkezlea eta baita Power Rangersak ere! Benetan XXI. mendean sartu garela?
 
Zumaira iritsita, oporren deseskaladan pixkanaka jarraitzeko asmoarekin zinemako karteldegia begiratu dut. Ez Aita Mari zinemakoa, ez daukat gogorik bi orduz zulodun aulki batean zirkoko kontortsionisten moduan egoteko. Donostiako zinemak zabalik dauden begiratu diat, eta hango karteldegia ikustean, berriz ere DeLoreana martxan jarri da: Gremlins, ET, Los Goonies, Psicosis, eta, nola ez, Regreso al futuro. Aitortzen diat karteldegia oso tentagarria egin zaidala, baina berriz ere denboran atzera egitea ez zen buruen nuen plana.
 
Panorama ikusita zer esango diat ba! Agian (eta ez ohitu honetara) arrazoia eman beharko diat, eta onena Kabira zerbeza bat hartzera joatea izango duk. Kontzertu batera ez nauk joango, badakik nire kasuan hori bai izango litzatekela erabat DeLorean batean egin beharreko bidaia, hobe beraz, musika beste baterako uztea.
 
Espero dezagun, denboran bidaiatzera behartuta gauden honetan, iragana ahaztu gabe etorkizunera begira jartzeko aukera izatea. Hauteskundeek horretarako balio badute, gaitzerdi! Bitartean, guk gloriosoa diagu zain, eta hori bai izango dela denboran bidaia gogoangarria!