Psikoanalisia hirugarren fasean

Erabiltzailearen aurpegia Josu Waliño 2020ko eka. 5a, 16:14
Aupa Kattan,
 
Gutxitan lortutako arrakastaz gozatu diat hire azken gutunean: hire aurreko tonu ilunetik ateratzea lortu eta optimismoa pixka bat berreskuratzea. Azkenean, gutun hauei esker psikoanalista beharrik ez diagu izango!
Psikologia ikasi duen lagun batek beti esaten dit guztiok bisitatu beharko genukeela tarteka psikologoa, baina ez dut inoiz horretarako tentaziorik izan. Gainera, itxialdiaren ondorioz psikologoen kontsultak gainezka daudela entzun nuen aurrekoan, eta nik itxoiteko pazientziarik ez dudanez gutun hauen bidez (edo glorioso batekin, eh Imanol?) egin beharko dugu anormaltasun berrira egokitzapena.
 
Egokitzapena behar dugun ere ez dakit, ze badirudi anormaltasun berria gero eta normalagoa ari zaigula egiten. Maskarillekin telefono mugikorrekin egin genuen ibilbidea jarraitu dugula uste dut: lehen mugikorrak iritsi zirenean lotsa ematen zigun kalean telefonoz hitz egitea. Norbait mugikorrarekin Erribera kalean ikusita kantamañanas bat zela esaten genuen, eta begira orain. Maskarillekin ere antzera gertatu zait niri, hasieran gehiegizkoa egiten zitzaidan jendea maskarillarekin ikustea, eta orain gure egunerokoaren parte bilakatu dira. Lehen Txina edo Japoniatik etorritako turistak ikusten genituen maskarillarekin, eta harritzen ginen, baina orain gure egin ditugu. 
 
Azkarregi onartzen ditugu aldaketa handi hauek. Lehen anormala zena egun gutxitan gure egunerokoaren parte egin dugu, eta bidean alde batera utzi ditugu gizarte moduan genituen arazoak. Ahaztu gara, esaterako, klima aldaketaz, zaborraren kudeaketaz eta plastikoaren gehiegizko erabileraz. Albiste on bilakatu dugu autoen erosketarako diru-laguntzak jasotzea, berriz ere gure planeta itotzen duten erregaien alde eginez. Pandemiaren aitzakian epe laburreko irtenbideak bilatzen ditugu, etorkizunean pentsatu gabe. Eredu ekonomiko baten mezua errepikatu zaigu eguneroko albistegietan, eta sirimiriarekin gertatzen den moduan blai eginda amaitu dugu.  
 
Ikusten dek Spielbergek ez duela nigan hainbesteko eragina izan. Orwell gertuago daukat, eta psikologo bila Woody Allenekin saiatu beharko naiz, baina hori ilunegia iruditzen zait oraintxe. Gainera, hire antzera ari zait gertatzen, ez daukat etxean pelikula oso bat ikusteko pazientziarik, nahiago irakurketan murgildu. Semearekin aritu naiz etxean aspalditik dudan liburu kolekzio zahar bat errebisatzen, El Paisek atera zuen abentura liburu klasikoen kolekzioa. Udan irakurtzeko hainbat liburu hautatu ditu berak (ez dut uste, baina ez dugu esperantza galduko): Tom Sawyer, La isla del tesoro, Robinson Crusoe, El sabueso de los Baskerville… eta tartean Sandokan. Honek nire memoria selektiboa berriz jarri du hegan.
 
Aurrekoan institutuko liburutegiaz hitz egin nian, baina Sandokanek gure haurtzaroko liburutegia ekarri dit gogora, Aita Mari zinemaren gainean zegoena. Uste dut Hezkidek kudeatzen zuela, eta bertan deskubritu nituen nik Salgariren liburuak: Sandokan, El corsario negro… telebistan gozatzen genituen abenturak liburu bilakatuta!
 
Haurtzarora salto horri esker, klasiko bat berreskuratzea erabaki dut: Dickensen Oliver Twist hartu dut kolekziotik, ez daukat irakurrita, eta inoiz ez da berandu. Digitaletik ihes egiteko beharra sentitzen dut gainera, eta zer hobea horretarako XIX. mendeko Londres baino? Ziur han Euskal Herria distopiko honetan baino erosoago aurkituko naizela. 
 
Eutsi Kattan, badator hirugarren fasea, eta txiste errazak dioen moduan, hor ere Spielbergek amaiera zoriontsua eskainiko digu.
 
PD: Gaur Telmo Irureta ETBn ikusteko gogoz. Aurrekoan Estiri buruz esandakoak balio du Telmorentzat ere. Badago talentoa gurean!