Gure musika ere aldatu ote da?

Erabiltzailearen aurpegia Josu Waliño 2020ko mai. 24a, 09:00
Aupa Kattan,
 
Uste diat hobe dugula txaperoen gaia alde batera uztea, terraza bila peregrinatzen dugun hurrengoan etxera isunarekin itzuli nahi ez badugu behintzat. Benemeritaren aldeko hitz batzuk ere egingo ditut badaezpada, berriz metrailetarekin topatzen ditudanean aldeko puntuak izateko.
Izan ere, ez dut inoiz udaltzain bat ikusi polizia-eleberri bateko protagonista moduan, baina paperezko pikoloak badaude: Vila eta Chamorro.  Ez ditut hauek Spade edo Marlowerekin parekatuko, baina aukeran nahiago ditut modako polizia nordikoak baino. Hire kasuan bezala, eleberri beltza txokolatea bezalakoa da niretzat: ahalik eta beltzena hobea. 
 
Zientzia fikzioari buruz esandakoarekin, ordea, gazi-gozo nabil. Onartzen diat zientzia eta fikzioa, bakoitza bere aldetik garrantzitsuak direla niretzat, bereziki egun hauetan. Zientziak laguntzen dit gure ingurua ulertu eta modu kritikoan interpretatzen, eta fikzioari esker egiten diot aurre errealitate horri. Baina zientzia-fikzioa, bereziki espaziontziz jositako hori ez dut oso gogoko. Bai, maite ditut, ordea, beldur eta fantasiazko istorioak. Zaletasun hau Zumaiako institutuan sortu zitzaidala pentsatu izan diat. Hango liburutegian deskubritu nituen gaztetan (duela 35 urte Kattan, egin negar nirekin batera) generoko lan ederrak: Ursula K. Leguinen Terramarko liburuak, Wellsen Moreau doktorearen uhartea, edo aurrekoan aipatutako Philip K. Dicken ipuinak, besteak beste. Komikiak ere bazeuden, eta Blueberry tenientea bertan ezagutu nuen, Segrellesen “El Mercenario” ederrarekin batera. Nire nerabezaroan horrelako liburuak eskura izatea opari ederra izan zen, eta ziur nago nire irakurzaletasunean izan zuela eragina.
 
Uste dut, gainera, genero fantastikoak gure mundua hobeto ulertzen laguntzen digula. Ikusi besterik ez dago distopia askotan aurki daitezken paralelismoak. Aurrekoan aipatutako Dicken ipuina, esaterako, adibide ona da. Hik irakurriko ez duanez spoiler egingo diat, esan nahi dudana hobeto azaltzeko: protagonistak musika partiturak animalia bihurtzen zituen makina asmatu zuen, baina behin animaliak basoan askatuta, naturak bere lana egiten zuen. Ian Malcolmek esango lukeen moduan, bizitzak bere bidea aurkitzen du, eta animalia hauek ere biziraupenerako eboluzionatu zuten. Horretaz jabetuta, asmatzaileak animalietako bat harrapatu eta atzera sartzen du makinan, berriz musika bihurtu asmoz. Baina prozesutik sortutako partitura jotzen duenean ohartuko da musika ere aldatu dela, oraingoa bortitza da, garratza. Animaliak eboluzionatu egin du, eta, ondorioz, bere baitako musika ere aldatu da.
 
Dicken ipuin hau gurera ekartzen badugu, galdera berehala sortzen da: bi hilabete etxean sartuta pasa ondoren nolakoak gara gu? zer gertatuko litzateke gu orain atzera makinatik pasaz gero? Duela bi hilabeteko musika berdina joko genuke? Ezetz uste dut, Kattan. Seguru oraingo gure musika garratzagoa izango dela, tristeagoa. Egoerak aldatu gaitu, gu aldatu gara, eta ez dut uste musika berdina joko dugunik, ez orain, ezta etorkizunean ere.