Erreplikanteak gara behelaino artean?

Erabiltzailearen aurpegia Josu Waliño 2020ko mai. 16a, 13:31
Aupa Kattan,
 
Uste diat oraingoan hik egin didakela galdera erretorikoa, baina, hala ere, eman dit zer pentsatua euskal robotek amets egiteko duten gaitasunaz harago. 
Bizi dugun egoera honetan edozein mugimenduk legearen mugan kokatzen gaituenaren sentsazioarekin bizi naiz uneoro. Aurrekoan baratzean tomateak landatzera joan, eta une batez Pablo Escobar bezala sentitu nintzen, legez kanpoko landaketak egiten. Gu ote gara sasiapokalipsi honetako erreplikanteak? Badaezpada hobe Voight-Kampff testa egiten ez probatzea, igual ez genuke gaindituko.  
 
Aste honetan saltaka egiteari utzi eta ezarritako ordutan pasieran ibili naiz. Ezarritako ordutan diot, modan baitago poliziarena egitea balkoitan, sare sozialetan zein kalean. Santixo aldera noala Guardia Zibilaren kontrola topatu dut Barinaga parean. Ez trafikoa kontrolatzen, oinezkoak baizik. Agian pentsatu dute haiek metraileta eskutan ikusita oinezkoak seguruago sentituko garela. Birusa tiroka hil eta gu salbatzeko asmoa izango zuten, auskalo! Nik badaezpada, buelta eman dut, baina Gernika parkera iristean itsatsitako kartel batek atentzioa deitu dit: gure herriko txaperoek ez omen dute txapero izan nahi, polizia baizik. Ez udaltzaingo, edo algoazil, polizia. Etxera itzulita, udan hondartzak kontrolpean izango direla entzun dut. “Sorosleak ere polizia?” pentsatu dut. Ez dakit, Kattan, erreplikantea izatea moloia izango da Tannhäuserko ateak zeharkatzen dituztenentzat, baina itxialdian bizi garenontzat ez hainbeste.
 
Philip K. Dick berak ere ez luke amestuko gurea bezalako sasiapokalipsia. Gaztetan irakurri nuen hark idatzitako “La maquina preservadora” ipuina, eta hire gutunak gogora ekarri dit. Ziur irakurrita daukakela, baina hala ez bada gomendatzen diat, hi haizen musikazalearekin gustatuko zaik. Melomano baten istorioa kontatzen du: gizona kezkatuta dago balizko apokalipsi batean musika desagertuko litzatekeelako. Horregatik musika partiturak animalia bilakatzen dituen makina asmatzen du, apokalipsi batean bere burua defenda dezaten. Horrela sortzen ditu Mozart txoria edo Beethoven kakarraldoa, eta bere etxe ondoko basoan montatu duen Jurassic Park moduko batean askatzen ditu. Makinak, kontrako norabidean ere balio du, hau da, animaliak egoera musikalera itzultzen ditu, baina… ez diat spoilerrik egingo. Kazetari ausartek esaten duzuen moduan “lo que pasó a continuación le sorprenderá!”.
 
Beno, Kattan, luzatzen ari nauk eta zuzenketa bat egin nahi nuke amaitu aurretik: Alvaro Ortizen komikiaz gain, Esti Curielen Arritx(o)u ere itxialdiko nire kuttunen zerrendara gehitu nahi diat. Badago talentoa herri honetan!