Ikusi eta ikasi

Erabiltzailearen aurpegia Josu Waliño 2020ko mai. 4a, 08:16

Aupa Kattan,

Ez nuen polemizatzeko asmorik, ezta hi ataka batean jartzerik ere. Aurrekoan, ikastekorik ba ote dugun galdetu nuenean, galdera erretorikoa egitea zen nire asmoa, ez besterik. Orain, ordea, nire barnean bizi den polemista piztu da, eta banoa hik emandako erantzunari kontra egitera.

Ikastekorik ez dugula esan didak, Kattan, izatekotan gure agintariek ikasiko zutela zerbait, ala zientzialariek. Baina ni ez nago ados horrekin, hain juxtu, agintariek ez dutelako inoiz ikasten, ez dute inoiz autokritikarik egiten. Egun hauetan politikarien adierazpenak entzutea besterik ez dago: administrazio bakoitzak bere buruari krisiaren kudeaketa perfektua egin izana aitortu dio besteena kritikatzen duen bitartean. Ez, ez espero horiengandik ikasketarik, ez dute inoiz ikasten, horretarako saiatu beharra dago.
 
Baina guk guztiok badugu zer ikasia, nigandik hasita. Eta egun hauetako itxialdian horretaz jabetzen hasi garelakoan nago. Ohartu gara ezin dugula orain arteko bizimoduarekin jarraitu etorkizun duina izan nahi badugu. Ezin garela iraganera itzuli etorkizun hobe baten bila. Globalizazioaren mesedetan eraiki dugun gizarteak irensten gaituela, ohartu gara, eta gure mundua tokikotik eraikitzen hasteko garaia dela. 
 
Adibidea hik heuk jarri duk, Kattan, liburudendatik hasita. Herriko komertzioak etorkizunik izatea nahi badugu hauen alde egin beharko dugu, beraiek direlako herriko bihotza. Irlandara itzultzeak ere itxaron beharko du, bidaiatzeko modua ezinbestean aldatu beharko dugulako. Non gelditu da orain turismoaren pagotxa? Ez da hainbeste denbora gurean Game of Thrones efektuarekin amets egiten zutela, turismoa Zumaiaren etorkizun bilakatuz. Ohartuko ginen turismoa ez dela herri baten etorkizun bideragarria. Herritarrek behar zituzten alokairuzko etxebizitzak hutsik daude Airbnb-n, etorriko ez diren turisten zain. Aldatuko dugu ikusmira?
 
Adibideekin jarraituko nuke, baina badakit honez gero aspertu haizela nire erretolikaz. Hobe gutxiago hitz egitea eta goazen ikasitakoa praktikan jartzera. Tabernan gorde deken txoko horretan eskatu niretzat beste trago bat, Garoan ze liburu eskatu dituken jakiteko gogoarekin gelditu nauk eta.