Bredaren errendizioa Zumaian

Erabiltzailearen aurpegia Josu Waliño 2020ko api. 14a, 09:00

Etxean egon beharrarekin egindako txukunketa lanetan aspaldi gordetako argazki eta trasteak agertzen hasi dira txoko guztietan. Galdutzat ematen nituen argazkiak halaxe iritsi zaizkit, ustekabean, posta elektronikoz, lagun batek armairu bat konpontzen aurkituta: Bredaren errendizioa Zumaian irudikatu genuenekoa.

Hogei urte bete berri ditu Zumaiako Kirol Portuak, eta aspaldikoa iruditu arren, herri mugimendu zabala izan zen garai hartan eraikuntza honen aurka. Seguruenik gehienok gogoan duzue Zumaia Bizirik taldeak deituta Santixoko paduran jarritako baltsa, baina izan ziren bestelako ekimenak ere. 

Guk protestarako mural bat egitea erabaki genuen, baina ez Erribera kalean, hori beranduago etorriko zen. Itzurungo aldaparen hasieran Severiano Yereguik itxita zuen tailerreko pareta baliatzea erabaki genuen. Kirol Portuaren aurkako murala izatea nahi genuen, eta horretarako Velazquezen artelan ezaguna irudikatzea bururatu zitzaigun: Bredaren errendizioa. Honen bidez Zumaiarron amore ematea adierazi nahi genuen, jatorrizko margolanaren lantzak bela-ontzien mastekin ordezkatuz. 

Juan Luis, Ander eta hirurok izan ginen egileak, baina pintura eta pareta libreak baliatuz gazte gehiago inguratu ziren laguntzera eta lan gehiago ere sortu ziren: ondoko paretean gua-gua koloretsua egin zuten batzuk, beste batzuk Amaiako plazako jolastokiko eguzkia berritzen zuten bitartean. 

Muralak ez zuen asko iraun paretean, baina pasatako hogeita bost urte hauetan askotan galdetu didate orduko argazkirik ba ote genuen. Orain bai, agertu dira, eta hemen dituzue, denontzat ikusgai.