Zumaia eta Internet: zenbat euskara egiten dugu sarean?

Erabiltzailearen aurpegia Josu Waliño 2017ko ira. 1a, 09:15

PuntuEUS Behatokiak Euskal Herriko Interneten egoera eta euskararen egoera Interneten aztertzen ditu. Behatokiaren datuak baliatuz, Zumaian jarri dut fokua, gure herrian ditugun webguneak nolakoak diren ikusi, eta zumaiarrok euskara sarean zenbat erabiltzen dugun aztertzeko. 

Azterketa honen abiapuntu moduan Zumaian 2016an erregistratuta zeuden domeinu-izen guztiak hartu (hau da, Zumaian erregistratutako .eus, .com,. net, etab.), aktibo dauden edo ez begiratu eta bakoitzaren edukiak zein hizkuntzatan dauden aztertu dut. Ondoko taulan jasotzen da emaitza osoa:

Taulan ikusten den moduan, Zumaian guztira 401 domeinu-izen daude erregistratuta eta horietatik 270 daude aktibo, hau da, edukiren bat argitaratuta edo webguneren bat martxan dute. Esanguratsua da domeinu batetik bestera aktibazio-maila oso desberdina dela ikustea. Horrek adierazten du esaterako .org edo .info bezalakoak beste inork har ez ditzan erregistratzen direla batez ere.

Zumaiako webguneen %27 euskaraz

Zumaian aktibo dauden webguneei erreparatuz gero, ikus daiteke webgune gehienetan gaztelania dela nagusi (%75), eta aldiz webguneen %27k baino ez duela euskarazko edukiren bat argitaratzen, ingelesez baino gutxiago (%29). Web asko hizkuntza batean baino gehiagotan egon arren, gehienak gaztelania hutsez daude (%56). Datu hau esanguratsua da kontuan hartuz zumaiarren %71,5 dela euskalduna (6.525), %15,8 (1.444) ia euskalduna kontsideratzen dela, eta %12,7 direla erdaldunak. 

Hala ere, Euskal Herriarekin alderatuta, Zumaiako webguneek euskara asko egiten dute. Euskal Herriko webguneen kasuan %13k erabiltzen du euskara, eta datu hau bat dator EHko euskararen kale erabilerarekin. Zumaian datua hobea da, webguneen %27k duelako edukiren bat euskaraz, baina kale erabilerarekin alderatuta datua ez da ona, Zumaian euskararen kale erabilera %57,8koa baita azken neurketaren arabera.

Domeinuen banaketa Zumaian

Zumaian erabilienak diren domeinuak bat datoz Euskal Herrian eta orohar munduan dagoen banaketarekin. Nagusiki .com erabiltzen da (%55) eta ondoren .es (%19). Hirugarren tokian .eus kokatuko litzateke erregistroen %11rekin, eta datu hau esanguratsua da, Euskal Herrian (%3) baino askoz hobea delako. Esan daiteke, beraz, Zumaian .EUS domeinuaren aldeko apustu nabarmena egin dela.

Zumaian, Euskal Herrian bezala, euskararen presentzia nabarmenagoa da .EUS domeinuetan, euskarazko edukia duten webgune kopurua %88koa baita kasu honetan, eta %60koa .org direnen kasuan. Gainerako domeinuen kasuan, euskararen presentzia baxua da: %21 .com, %7 .es eta %44 .net-ek.

PuntuEUS Behatokia

PuntuEUS Behatokia PuntuEUS Fundazioaren ekimena da eta euskarak Interneten duen egoera neurtzea du helburu. Neurketa urtean behin egiten da, eta 2016ko datuen gainean egindako neurketaren laburpena hemen ikus daiteke.

Euskarak Interneten duten presentzia aztertzen du PuntuEUS Behatokiak, eta baita Internetek Euskal Herrian duen presentzia ere, modu kuantitatibo zein kualitatiboan, horretarako hiru alor neurtuz: .EUS domeinuen egoera, Interneten egoera Euskal Herrian eta euskararen egoera Interneten.

Helburua euskarak Interneten duen presentzia indartzeko behar diren estrategia eta politikak definitzeko garaian beharrezko den tresna baliagarria euskal gizarte osoari eskaintzea da.