Borrokaren hautua, batzen gaituen patua!

Erabiltzailearen aurpegia Iparra Zumaia 2020ko eka. 24a, 10:01
Gaur, ekainak 24, Iparra gazte mugimenduaren fundazio egunaren hirugarren urteurrenean, antolakundeko militanteok honakoa adierazi nahi diegu Zumaiako langileriari eta Euskal Herriko borroka komunitateari: Iparrak, gazte antolakunde lokal gisa, bere ibilbidea agortutzat jotzen duela, hasiera batean proposatutako bi helburu nagusiak bete ostean:
  • Zumaian gazteen politizaziorako marko inizial bat abiatzea, formakuntzarako eta antolakuntzarako lehen tresnak eskainiko zituen militantzia-eskola: formakuntza saioak, mintegiak, hitzaldiak eta hausnarketarako beste zenbait baliabide eskaintzea. Dozenaka gaztek bizi dugun munduaren inguruan zituzten zalantzak kolektiboki argitzeko apustua mahaigaineratu eta bete genuen horrekin. Aipatutako hausnarketetan zehar, ordea, eztabaida hutsaz gain, antolatzen eta politikoki ekiten hastea beharrezkoa dela ondorioztatu genuen. Horretarako prest geunden kideok asmo hori erabaki bihurtu genuen, eta hortan gabiltza gaur-gaurkoz.
  • Klase-elkartasuna praktikan jartzeko mekanismo lokal bat sortzea: Aurretik azaldutako barne-eztabaida horren ostean, gure inguruan langile klaseak jasaten dituen erasoei elkartasun keinuak luzatzea beharrezkoa dela ikusi genuen. Xey-ko edota Astilleroetako langileei nahiz pentsiodunei babes antolatua emateko martxan jarritako dinamikak horren lekuko izan dira. Gainera, maila nazionaleko zein internazionaleko problematikak herrian sozializatzen ere jardun gara: preso politikoen auzia, gaztetxeen aurkako desalojoak, errepresio kasuak...
Betetako helburuez jakitun, kontziente gara antolakuntza-forma bakoitzak dakartzan mugez ere, eta kontzientzia politikoak eboluzioa esperimentatzen duen heinean antolakuntza-formek garapen proportzionala jasan behar luketeela. Iparra eta bere helburu konkretuak jaio ziren testuingurua aldatu egin dira, ziklo politiko horren funtsa agortuta dago, gaur arte antolakundea osatu dugun militanteon kontzientziak garapen kualitatiboa izan duelako eta proposatutako helburuak epe motzekoak baino ez zirelako. Hau da, orain arte elkartasun keinu sinbolikoak egiteko eta kontzientzia maila jakin batera iristeko balio izan digun antolakuntza-ereduak hemendik aurrera ez digu balio helburu handiagoak eta horiek betetzeko beharrezkoak diren bitartekoak lortzeko.

Ondorioz, bitarteko horiei atea zabaldu nahi diegun heinean, argi eta garbi diogu gure militantzia ez dela hemen amaitzen, alderantziz, kontzientzia eta praktika politikoa hobeto lotzen eta forma politiko garatuagoak erdiesten lagunduko diguten tresna berrien bila abiatuko gara gaur arte Iparra osatu dugun militanteak, lehen baino determinazio eta erantzukizun handiagoz. Hiru urteko prozesuan zehar pilatutako esperientziekin, metatutako indarrekin eta eskuratutako gaitasunekin horiek optimizatzen lagunduko diguten proiektuei begira jarriko gara, klaserik gabeko gizartearen eraikuntzan, kapitalismoak mendean hartzen dituen guztien zerbitzura.
 
BORROKAREN HAUTUA,
BATZEN GAITUEN PATUA!