Jai eredu kapitalista izango du hizpide Iparrak urriaren 5ean, Torreberri Gaztetxean, antolatu duen ikasturteko lehenengo eztabaida saio irekian

Erabiltzailearen aurpegia Iparra Zumaia 2019ko ira. 30a, 22:14

Bi urteko ibilbidearen ostean, aurreko ikasturtean Iparrako kideok pauso berri bat ematea erabaki genuen; ordura arte taldearen baitan izan genituen eztabaidak zein lanketak herritar guztiei zabalduz. Gure helburua, saio horien bitartez iritziak partekatu, ikuspegiak trukatu eta gai desberdinen inguruan eztabaida sustatzea zen; eta, esan dezakegu, gure helburua bete genuela.

Oso saio aberasgarriak izan ziren. Bertan, adin, egoera eta ideologia ezberdinetako pertsonak bildu ginen: ikasleak, gazteak, langileak zein pentsionistak. Aurreko ikasturtean, zehazki, bi saio burutu genituen. Lehenengoan, gazteak eta gaztetasuna izan ziren abiapuntu gisa hartu genituen gaiak eta, horretarako, Alain Badiou filosofo frantziarraren “La verdadera vida. Un mensaje a los jóvenes” liburuaren lehenengo kapitulua aztertu genuen; bigarrengoan, aldiz, inperialismoaz aritu ginen David Harvey teoriko britainiarraren “El nuevo imperialismo” liburuaren pasarte bat landu ostean.

 

Ikasturte honetako lehenengo eztabaida saio irekian, ordea, jai eredu kapitalista izango dugu hizpide; izan ere, azkenaldian guztion ahotan dabilen gai bat da. Hori guztia eta gehiago jorratzeko, ITAIA Emakume Sozialisten Sareko burkideen “Gizartearen biolentziaz, jai giroaz eta hipersexualizazioaz” testua irakurriko dugu. Eztabaida saio hau urriaren 5ean izango da, Torreberri Gaztetxean, goizeko 11:00etan.

 

Testu honetan, ITAIAko kideek, biolentzia gizarte kapitalistaren oinarrizko ezaugarri gisa azpimarratuko dute; hau da, akumulazioaren logikari erantzuteko tresna bezala. Indarkeria hori, gainera, gure egunerokotasunean garatzen ditugun harremanetan ageri da indibidualismoaren eta lehiakortasunaren izenean, besteak beste. Bestalde, subjektu debaluatuek, emakumeak kasu, pairatzen dituzten erasoetaz hitz egiten da testuan; zehazki, jai giroan ematen diren erasoetan zentratuz. Ospakizuna edo ospatzeko ezer ez dugunaren aitzakia, monotoniatik irteteko edo frustrazioak itotzeko modua, hainbat jarrera desegokik testuinguru honetan duten onarpen maila, hierarkia sozialean postu on bat lortzeko aukera… eta askoz gehiago izango dira testu honek hausnarketarako eta eztabaidarako emango dizkigun puntuak.

 

Besterik gabe, urriaren 5ean ospatuko dugun eztabaida saio irekian parte hartzera eta

zuen ekarpenak egitera gonbidatzen zaituztegu.

 

* Hona hemen testua: http://itaia.eus/2019/03/31/gizartearen-biolentziaz-jai-giroaz-eta-hipersexualizazioaz/