M1, Langilearen Nazioarteko Egunean, Iparraren hausnarketa

Erabiltzailearen aurpegia Iparra Zumaia 2019ko mai. 1a, 10:03

Lan prekarioaren garaiak dira bizi ditugun hauek, lanposturen batera heldu ahal izateko etengabeko ikasketenak, laneko segurtasun-ezarenak, desberdintasun sozial beldurgarrienak, mila euroko “pribilegiatuenak”, aurrekontu murrizketenak, langabetuen tasa neurrigabeenak, gazteen lan-erbesteratzeenak, gurasoen etxetik alde egiteko ezintasunarenak, hainbat minijob izatearen “plazerarenak”.

Saltoki txikien itxialdien egunak ditugu ere, Amazon bezalako erraldoi asegaitzen garaipenenak, gure kale hutsenak, gentrifikazioarenak, non malko gehiegi isuri diren dagoeneko. Siria eta Libiakoa bezalako gerra berrien unea da, periferietan zifra errentagarrien izenean eginiko bidegabekeriena, gerra nuklearrera eramango gaituzten potentzia inperialisten arteko tentsioena. Errefuxiatuen, arrazismo instituzionalaren, Mediterraneoko hilotzen, esklabu-ibilbideen eta pertsonen salerosketaren denboraldia da. Basakeriaren erreinua da bizitzen ari garena.

Zapaltzen dugun zoru osoa erortzen ari den bitartean, konkistatutako mundu sozial txikia oro suntsitzea mehatxatzen duten forma kanibaletan bihurtuz behera datorkigun heinean, errentagarritasunaren etengabeko irrikak bizitzari eusten dion planeta hondamenera daramanean, objetualizazioan eta begirada instrumentalizatzailean oinarritutako harremanak garatzen ditugunean, milioka pertsonak bizigarri izan daitekeen bizitza bati eusteko ezintasuna pairatzen duten bitartean, lasaitasun keinuak baino ez zaizkigu ageri, baikortasun teknokrataz mozorraturiko indiferentzia: “horixe da dagoena”, diote. Eta arrazoia dute hein batean, horixe baita kapitalismoaren azken fase harrapari dekadentean dagoena, egonen dena. Ez dago irteera faltsurik, ezta irtenbide errazik ere.

Historikoki maiatzaren lehena langileriak konkista sozialak lortzeko garatu duen etengabeko borrokaren baitan txertatu da. Gaur, izaera nabarmen horrez gain, esplotazioan, gehiengoak sortutakoa gutxi batzuk pilatzean, gizon-emakumeen, naturaren eta animalien azpiraketan oinarrituko ez den gizarte berri baten oinarriak ezartzeko balioko duen egun sinboliko gisa aurkezten zaigu. Afera honek zaila dirudi oraingoz, diruaren boterea eta bertatik eratorritako botere politikoa bidegabeki dutenek ez dutelako sistema gaizkile honekin etengo. Hala ere, argia da xedea: kapitalismoaren gaindipena eta benetako bizitzaren erdiespena.

Gu, Iparra, sozialdemokraziaren kontsigna errazak eta ezarri zaigun mundua onartzen ez dituen sektore zabala bezalaxe, kontzienteki errebelatzen gara sistema zaharkitu honen aurka, eta maiatzaren lehena kapitalismoaren gaitz guztiekin amaituko duen gizarte komunistaren lorpenerako beharrezkoak izango diren borroka guztien baitan ulertzen dugu.

Horregatik dei egiten dugu gaurko egunez Donostiako Bulebarrean eguerdiko 13:00etan gauzatuko den manifestazioan bat egitera M1 langileontzat plataformarekin.