Inperialismoa izango da hizpide Iparrak martxoaren 30erako antolatu duen eztabaida saio irekian

Erabiltzailearen aurpegia Iparra Zumaia 2019ko mar. 19a, 10:52

Bi urteko ibilbidearen ostean, aurreko hilabetean Iparrako kideok pauso berri bat ematea erabaki genuen; ordura arte taldearen baitan izan genituen eztabaidak zein lanketak herritar guztiei zabalduz. Gure helburua, saio horren bitartez iritziak partekatu, ikuspegiak trukatu eta gai desberdinen inguruan eztabaida sustatzea zen; eta, esan dezakegu, gure helburua bete genuela.

Oso saio aberasgarria izan zen. Bertan, adin, egoera eta ideologia ezberdinetako pertsonak bildu ginen: ikasleak, gazteak, langileak zein pentsionistak. Aurreko eztabaida saioan, gazteak eta gaztetasuna izan ziren abiapuntu gisa hartu genituen gaiak; hala ere, haritik tiraka beste hainbat gai jorratu genituen, maila lokaletik hasi eta geopolitikan amaituz.

Zehazki, datorren eztabaida saioan inperialismoa izango dugu hizpide; izan ere, azkenaldian guztion ahotan dabilen hitz bat da, Venezuelako gertakarien harira. Hori guztia eta gehiago jorratzeko, David Harvey teoriko britainiarraren El nuevo imperialismo liburuaren pasarte bat landuko dugu. Bigarren eztabaida saio hau martxoaren 30ean izango da, Torreberri Gaztetxean, goizeko 11:00etan.

Liburu honetan, autoreak gerrak eta desjabetze bidezko metaketak gaur egun kapitalismoaren baitan betetzen duten funtzio zehatzaren inguruan hitz egiten du. Haren iritziz, krisi ekonomikoak ebaztea eta azken 100 urteotan ezagutu duguna baina mundu bidegabeago bat modelatzea dituzte helburu, besteak beste. Bestalde, kapitalismo mundialaren estrategia militarrak eta zerbitzu publiko nahiz ondasun komunen pribatizazio politikek gaurko testuinguruan duten garrantzia azaltzen du.

Besterik gabe, martxoaren 30ean ospatuko dugun eztabaida saio irekian parte hartzera eta zuen ekarpenak egitera gonbidatzen zaituztegu.