Gazteak eta gaztetasuna izango dira hizpide Iparrak otsailaren 2rako antolatu duen eztabaida saio irekian

Erabiltzailearen aurpegia Iparra Zumaia 2019ko urt. 21a, 10:49

Otsailean bi urte beteko dira Iparra gazte mugimenduaren lehen bilerak ospatu zirenetik. Lau hilabete beranduago, publikoki aurkeztu ginen Torreberri Gaztetxean ospatu genuen ekitaldian; bertan, adierazi genuen gure helburua eztabaidarako espazio berri bat sortzea izango zela.

Ordutik hona, Iparrako kideok ostiralero elkartu, testuak irakurri eta formakuntzan sakontzen joan gara. Bi urte geroago, pauso berri bat eman eta taldearen baitan izan ditugun eztabaidak zein lanketak herritar guztiei zabaltzea erabaki dugu; iritziak partekatu, ikuspegiak trukatu eta gai desberdinen inguruan eztabaidatzeko xedearekin.

Lehenengo eztabaida saioa otsailaren 2an izango da, Torreberri Gaztetxean, goizeko 11:00etan. Saio honetan, gazteak eta gaztetasuna izango ditugu hizpide; izan ere, gazteentzat eginak diruditen garaietan bizi gara, mundu guztiak gazte nahi du izan... Baina zein da benetan sustatzen den gazte eredua? Hori guztia jorratzeko, Alain Badiou filosofo frantziarraren “La verdadera vida. Un mensaje a los jóvenes” liburuaren pasarte bat landuko dugu.

Gaztetasunaren inguruan hitz egingo dugun arren, herritar guztiei (izan ikasle, langile edo pentsionista) luzatzen diegu eztabaida saio honetan parte hartzeko gonbita. Badiouk honela ematen dio hasiera liburuari: “Hirurogeita hemeretzi urte ditut. Beraz, zer demontregatik arduratzen naiz gazteriaren inguruan idaztera?”. Liburuan ez dugu sermoirik edota diskurtso paternalistarik aurkituko, obedientziara edo kontsumora mugatuko ez den benetako bizitza sortzeko dei erradikala baizik.

Besterik gabe, otsailaren 2an ospatuko dugun lehen eztabaida saio irekian parte hartzera eta zuen ekarpenak egitera gonbidatzen zaituztegu.

* Hona hemen testua: https://interzonaeditora.com/admin/files/libros/421/IZBADIOUmuestradigital.pdf