Iparra Zumaiako Gazte Mugimenduak urtebete bete du

Erabiltzailearen aurpegia Iparra Zumaia 2018ko eka. 13a, 11:46

Iparrak bere lehen urteurrena ospatuko du datorren larunbatean, ekainaren 23an, Torreberri Gaztetxean egun osorako antolatu dituen hitzaldi eta jardunaldi sortarekin. Datorren egunotan emango dute egitarau zehatzaren berri.

Egun bereziak dira hauek Iparra gazte mugimenduarentzat, izan ere, gure ibilbideko lehen urtea betetzear gaude. Hau ospatu eta etorkizuneko erronkei hauspoa emateko, datorren larunbatean, ekainak 23an, Torreberri Gaztetxean egun osoko egitarau oparoa antolatu dugu. Baina, gaurko eguna, gure jardunean berresteko erabili nahiko genuke. Asko izan dira urte luze honetan Iparran aktiboki edota Iparrak antolaturiko ekintzetan parte hartu duten gazteak, hauei guztiei gure eskerrik beroena luzatu nahiko genieke eta etorkizunean berriro ere borrokan aurkituko garela ziurtatu. Iparra Zumaiako gazteria antolatu, hausnartzera bultzatu eta egungo egoeraren aurrean borrokatzeko bitarteko baliagarri izateko helburuarekin jaio zen, eta helburu berarekin jarraitzen dugu, klase borrokan berresten gara. Halaber, ez gara mugatu soilik Zumaiako gazteria mugiaraztera, eta hala erakusten dute urtebete honetan langile borroka ezberdinei erakutsi diegun babes eta sostengurik beroena. Hemendik aurrera ere, sistema kapitalista patriarkalaren injustiziak pairatzen dituen orok Iparra alboan izango du borrokarako prest.

Nola ez, Iparra ez zen hutsetik sortu, gutxienez bi mende luzez borrokan dihardun langile borroka ugariren oinordeko baita. Tarte hau baliatu nahiko genuke jendarte justu eta gizatiarrago baten alde zein kapitalismoaren aurka euren bizitza eman eta galdu duten guztiak omentzeko. Zuek azaleratu zenuten historiaren hari gorria ez da eten, guk eusten baitiogu. Gaur eta hemen, argi diogu, borrokan jarraituko dugu!