Iparrak dei egiten dio Zumaiako langileriari Maiatzak 1ean kaleak har ditzan

Erabiltzailearen aurpegia Iparra Zumaia 2018ko mai. 1a, 08:32

Iparrak bihar, Maitzak 1, Zumaiako hainbat eragilek eta langile sektorek deituta arratsaldeko 19:00etan Martxoak 8 plazatik aterako den manifestazioarekin bat egiten du.

Memoriatik urrun geratu zaigula dirudi  1886ko maiatzaren 1a historiaren urrezko orrietan iltzatu zuen gertakari hura, Chicagoko hirian gauzatutako grebaren harira bost langile heriotza zigorrera kondenatu izana eta beste hiruren espetxeratzea hain zuzen ere. Baina ez hori bakarrik, oinarrian datzan funtsezko arrazoia ere jaiegun soil batean geratu zaigula dirudi: langile klasearen izen eta borroka aldarrikatzea, esplotazioa eta zapalkuntza ezagutuko ez dituen mundu berri bat lortzea dela gure helburua, zapalduok bat eginik ogia bai baina larrosak ere nahi ditugula ozen eta argi esateko eguna. 

Dagoeneko badira hamar bat urte azken krisi kapitalista hasi zenetik, eta horrekin batera hasi dira hondoratzen klase ertain sakrosantuaren ametsak, sozialdemokraziaren zigilupean eraikitako erreformak eta, nola ez, langile klasearen bizi-baldintzak. Hala ere, ulertu beharrean gara esplotazio sistema honek bateraezinak diren barne-indar kontraesankorrak (LANA vs KAPITALA) gordetzen dituen heinean, etengabeko krisi iraunkorra ere berezkoa duela.  Historiak erakusten digun bezalaxe, krisiek zenbait arrisku eta nahigabe ekartzen dizkiote langileriari, baina arriskuak bezala aukerak ere zabalik geratzen dira, burua altxatzeko aukerak.  

Horren adibide nabarmen ditugu gure inguruan azken aldian materializatu diren mobilizazio eta borroka partzialak:  

  • M8ko greba feminista indar erakustaldi historiko bat izan zen. Bertan emakume langileek salatu egin zituzten sistema kapitalistak eurekiko konkretuki sortzen dituen esplotazio-harremanak (zaintza eta garbiketa bezalako lan erreproduktiboetan edota gorputzaren merkantilizazioan ezartzen zaizkienak) nahiz forma patriarkalean pairatzen duten zapalkuntza (indarkeria matxista, bortxaketak etab.) gaitzetsiz.
  • Pentsiodunak urte hasieratik Zumaiako udalaren aurrean elkarretaratzeak egiten dabiltza, jasotzen duten pentsioaren zenbatekoa eta bizitzaren prezioa azken bost urte hauetan zehar guztiz desproportzionatua izan dela salatzeko. 
  • Hezkuntza-arloan ere bada zer esanik, martxoaren 21ean hezkuntza ertaineko ikasleen greba azken adibide dugu urte hauetan zehar gauzatu diren mobilizazioen katean. Hezkuntza merkatuharremanen esanetara jartzen duen erreforma pribatizatzaileak (LOMCE, Bologna, Heziberri, EU2020…) ukatzeko. 
  • Lan-indarraren merkealdi hau sortzen ari den kaltea ere gero eta nabarmenagoa da. Urola bailaran baditugu bi adibide esanguratsu: XEY enpresaren itxialdia eta Astilleros Balenciaga-ko langileek euren soldatak KPIarekin batera igo daitezen eta lan-hitzarmena berritzeko gauzatu duten borroka. 

Beste hainbat izango dira aipatu gabe utzi ditugun langile klaseko sektoreak, euren pairamen eta erresistentzia borrokekin batera: langabetuak, ostalaritzako gazteak, etorkinak… jaso dezate IPARRAren elkartasun beroena. Ahots guzti hauei merezi duten indar eta batasuna emateko, beharrezkoa ikusi dugu osotasunaren, klase-elkartasunaren eta langile boterearen ideia, aldarri eta ekintzak berreskuratzea. Horrenbestez, deia luzatzen dizuegu biharko eguna den maiatzaren 1ean arratsaldeko 19:00etan Martxoak 8 plazatik abiatuko den manifestaldira batzeko. 

GORA LANGILE BORROKA!
BORROKAK BATUZ, LANGILE BOTEREA ERAIKI!