Asier Blas: “Errefuxiatuak esku-hartze inperialistek sortutako gerren ondorio zuzena dira”

Erabiltzailearen aurpegia Iparra Zumaia 2017ko abu. 1a, 13:57

Iparra gazte mugimenduak antolaturik, ostiralean Asier Blas politologo eta EHUko Politika eta Administrazio Zientzien saileko irakasleak errefuxiatuen krisiaz hitzaldia eman zuen Zumaiako Torreberri Gaztetxian. Berrogei pertsona inguru gerturatu ziren bertara eta errefuxiatuen krisiaz gain, gerrak, geopolitika eta eskuin muturraren gorakada ere izan zituzten mintzagai, besteak beste.

Testua: Jose Castillo

“Errefuxiatuak ez dira fenomeno meteorologiko bat”, honela hasi zuen Asier Blasek bere hitzartzea. Gogoratuz, errefuxiatuez asko hitz egiten dela, baina oso gutxitan hauen atzean dauden, eta Europar Batasunak eragin zuzena duen, esku-hartze eta gerra inperialistez. Irakasleak errefuxiatuez ditugun hainbat topiko hautsi nahi izan zituen entzuleak “probokatzeko”, horretarako, Belgraden errefuxiatuekin kontaktu zuzenean berak ikusitakoa azaldu zien bertaratuei: “Belgraden ikusten ziren errefuxiatu gehienak ez ziren pobreak, gerratik ihesi zetozen bai, baina klase ertain altuko errefuxiatuak ziren, pobreenek Jordania eta Turkian geratzea besterik ez dute”.

Geopolitikari helduz, Siriako gerraren arrazoiez mintzatu zen jarraian irakaslea. Blasen ustez, Siriako barne arazoak erabili dira kanpo esku-hartze bat zuritzeko. “Hau inperialismoaren klasiko bat da, Sirian giza eskubideak urratzen edota erregimen despotiko bat dela erakusten digute, ondoren iritzi publikoak gerra hau onartzeko”, azaldu zuen. Hala ere, Sirian protestarako arrazoiak badaudela gogoratu zuen, gainerako beste herrialde askotan bezala, “gurean barne”. Blasek normaltzat jo ez zuena da, protesta batzuk hasi eta asteetara, “guztiz armatuta eta entrenatutako” oposizio bat hutsetik agertzea izan zen. “Sirian, edo ustezko diktadura ez da hain gogorra edota kanpoko norbait ari da oposizio hau armatzen”, baieztatu zuen.

Ekialde Hurbileko eta Afrika iparraldeko azken gerrak Estatu Batuen hegemonia inperiala kolokan jartzearen ondorio zuzena direla argudiatu zuen politologoak: “Egun AEBk eta bere aliatu diren Europa, Japonia eta Hego Koreak, euren hegemonia ekonomikoa kolokan ikusten dute eta zauritutako animali batek eraso egiten du bere burua babesteko”.

Hedabideek errefuxiatuen krisiaz dugun ikusmoldea nola moldatzen duten ere izan zuen mintzagai. Blasentzat errefuxiatuen aurkako eraso arrazistak ez dira berdin tratatzen mendebaldearen “lagun” diren herrialdeetan edota “etsai” direnetan. Suediako erasoak jarri zituen adibide gisa, idealizatutako Eskandinaviako “herrialde garatu eta progrean” 2015ean bakarrik errefuxiatuen guneen aurkako 21 eraso erregistratu zirela gogoratu zuen. Galdera bat luzatu zien orduan entzuleei: “Zein izango zen hedabideen erantzuna eraso hauek Errusian eman balira?”.

Azkenik, ezkerrak errefuxiatuen krisiari emandako erantzuna ere aztertu zuen Blasek. Gai honen inguruan, ezkerreko mugimendu eta alderdiek erantzun “humanitario” eta “dramatiko” soil bat ematera mugatu direla gogoratu zuen. “Egun, ezkerrak XXI. mendeko Caritas gisa jokatzen du, errefuxiatuei harrera ona egin behar zaiela gogoratuz, baina hauen sorrera ezbaian jarri gabe”, kritikatu zien. 2003an ezkerrak Irakeko gerraren aurka zuzen egin zuela gogoratu zuen: “Gerrari ez lelotik, refugees welcome lelo hutsera igaro gara”. Ezkerraren egungo jarrera honek eskuin muturra indartzen duela gogoratu zuen irakasleak. “Antzina ezkerraren aldarrikapen izan ziren bizi baldintza materialen aldarrikapena egun eskuin muturrak egiten du, ezkerrak gutxiengoen babes kulturala baino ez du babesten egun”, ebatzi zuen.

Ordu bete pasako hitzaldi mamitsuaren ondoren, bertaratutako gazte eta ez hain gazteek, irakasleari euren zalantzak eta galderak adierazteko tartea izan zuten. Hala, herri kurduaren egoeraz, gerren etorkizunaz edota Gara egunkariaren nazioarteko saileko ildoaren inguruko galderak erantzun zituen politologoak.