Komunikazio-garaia

Erabiltzailearen aurpegia

Itxialdian gauden egunotan, komunikazioak garrantzi handia dauka: senideekin eta lagunekin hitz egiteko, lankideekin laneko bilerak etxetik irten gabe egiteko, zerbaiten berri edo aginduak emateko, egoera zertan den informazioa jasotzeko, denden ordutegia murrizteko dela jakinarazteko, eskularruak jantzi beharraz ohartarazteko, metro eta erdiko distantzia uzteko… 

Aukera ederra oharrei edo jakinarazpenei begiratu eta ikusteko zenbateraino dagoen sendotuta eta errotuta euskara gurean. Zorionez, gehien-gehienak euskaraz ere ikusi ditut, baita euskara hutsean ere (txalo bero bat!); baina izan dira salbuespenak: entzun eta ikusi genituen ertzainak megafoniatik agintzen herritarrei etxean geratzeko, gaztelania hutsean; gaur goizean bankura joan naizenean, mostradore ondoan xaboia zegoen eskuak garbitzeko, eta ondoan, paper batean idatzita, hura erabiltzeko jarraibideak, gaztelania hutsean…

Enkarguak egitera irten naizenean, argazkiko ohar hau ikusi dut pegatuta bi tabernaren kanpoaldeko pertsianetan, barruko makinak dirurik gabe daudela jakinarazteko balizko lapurrei; nonbait, ez dute espero euskaldunak izatea…  Norbaitek euskaraz –ere– jarri nahi badu, hemen proposamen bat:  “Tabernako makinetako dirua bilduta dago eta hutsik daude”.

Eta animo itxialdian!