Gau hontzak uluka

Erabiltzailearen aurpegia

Saiatzen naiz larunbatetan saltaka egitera joaten, goizean goiz eta oraindik ilunpetan, herriak badaukalako halako lasaitasun bat, patxada bat, astegunetan ez bezalakoa.

Gaur zazpiak aldera kalera irten eta hasi dut saltakaldia Paolaldera. Urola arre zetorren, egunotako euriarekin uhala zekarren behera, mugimendua isiltasunean. Yeregitarren txaleten pare horretan entzun dut lehen aldiz, eta belarria tentetu, egiaztatzeko; handik pixka batera, berriz: bai, gau hontzaren ulua. Poz hartu dut, eta akordatu naiz duela aste batzuk ere entzun nuela, Amaiako plazatik, Parrokia aldean. Jarraitu dut aurrera saltaka eta hara non entzuten dudan beste ulu bat, baina ibaiaren beste aldetik, Santiagoko pinudian. Gelditu ere egin naiz, eta entzun: ulu batek eta ulu besteak, eta tartean ibaia; halaxe jarraitu dute, urrundu naizen bitartean. Inguruetan bizi direnek igual ez dute berdina esango, baina ni zorioneko sentitu naiz, honelako poz txikiek alaitzen dutelako bizimodua. Sarriren harekin akordatu naiz: “mende oso bat iraganen dut / zure ondoan koblaka”.