baleike.eus

Bi paper atean

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Azkue 2018-06-21 15:13   Gizartea

Gaur goizean, kalera irten naizenean, bi paper ikusi ditut gure etxepean, atean pegatuta. Hurbildu eta irakurtzen hasi naiz.

Anticimex enpresak zerbait jakinarazi nahi zidan: gure kaleko eta ingurukoetako estolda- eta saneamendu-sarean arratoiak eta intsektuak hilko dituztela, bi egunetan; bizilagunontzat, gomendio bat ere bai: labezomorroei aurre egiteko tratamendua egitea. Hori guztia ederki ulertu dut, lehen irakurraldian, gaztelaniaz ere badakidalako, euskararen arrastorik ere ez zegoelako ez ohar batean, ez bestean.

Oharretako batean jartzen du “se realizará la campaña municipal de desratización”, eta pentsatzekoa da Udalaren baimena izango dutela horretarako, edo, seguru asko, Udalak berak kontratatuko zituela. Hala baldin bada, zer kostatzen da eskatzea eta ziurtatzea herritarrentzako jakinarazpenak gutxienez euskaraz izango direla? Beste alderdi batzuei (prezioari, denborari, lanaren kalitateari…) zorrotz begiratzen zaien bezala, zergatik ez betearazi hizkuntza-baldintza? Ez da hain zaila.

Arratoiak akabatzeko, intsektuak hiltzeko, labezomorroak desagerrarazteko… ez da euskararik jakin beharko, baina bi ohar triste eta labur idatzi behar zumaiarroi, inguruko ate guztietan jartzeko, eta gaztelania hutsean egitea…

Erantzunak

Aane 2018-06-21 20:28 Erantzuna | #1

Lotsik ez!!

Erabiltzailearen aurpegia Euskara Txanpan 2018-06-22 11:34 Erantzuna | #2

Eskerrik asko horren berri emateagatik, Imanol.

Euskara Zerbitzuak aztertu du gaia, eta jakin du enpresaren ardura izan dela abisu horiek jartzea aurrez Udalari jakinarazi gabe. Udalak prestatu eta bideratu du jada kanpaina hori iragartzeko bandoa, ohiko irizpideen arabera. Era berean, harremanetan jarri da enpresarekin aurrerantzean oharrak euskaraz ere jar ditzaten.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa