Hondartzan

Erabiltzailearen aurpegia Ikerren ama 2022ko uzt. 17a, 09:00

Hondartzan bainatzen ari ginen, egun batzuetan Itzurunek oparitzen digun bandera berdearekin gozatzen. Horretan, Iker itsasotik irteten da korrika. Hozten denean, harean sortzen diren putzuen bila joaten da, ura beroago dagoelako. Putzuren baterako bidean, Ikerrek geldialdia egin du aitarekin bainatzen ari zen mutiko baten aurrean, eta ura botatzen hasi zaie.

Ikerren asmoa haurrarekin jolastea zen, baina azkenean izutu egin zuen. Batzuetan, Ikerri zaila egiten zaio besteen adierazpenak ulertzea. Iker ura botatzen ikusi nuenean, korrika joan eta barkamena eskatu nion haurraren aitari. Gero esan nion Ikerrek autismoa duela eta jolasteko asmoa zuela. Berak esan zidan: “Lasai, badakit. Ezagutzen zaituztet”.

Lasaitasuna sentitu nuen. Egia esan, lasaitasuna sentitzen dut egoera horien aurrean ikusten naizenean eta pertsonak herrikoak direnean, Iker ezagutzen dutelako. Aurreko egunean elkartean gertatu zen bezala. Lagunekin afaltzen ari ginela, Iker bistatik galdu nuen une batez. Gero konturatu nintzen beste mahai batean eserita zegoela beste pertsona batzuekin. Baina mahai hartako pertsonek ezagutzen zuten eta patata frijituen plater bat zerbitzatu zioten. Lasaitu egin nintzen.

Hondartzara iristen naizenean, gure inguruan daudenei begiratzen diet. Ikusten badut jendeak ezagutzen gaituela, lasaiago sentitzen naiz. Baina, ezagutzen ez dugun norbait dagoela ikusten dudanean, arreta handiagoa jartzen dut. Nahiz eta batzuetan arreta horrek huts egiten didan, aurreko egunean gertatu zitzaidan bezala. Dagoeneko arratsaldeko 7ak pasata ziren, eta etxera joateko janztea erabaki genuen. Toallarekin estalita bustitako bainjukantzia aldatzen ari nintzen bitartean, Iker korrika irten zen. “Iñaki corre!”, esan nion senarrari. Hura hondarretik altxatu zenerako, Iker dagoeneko 100 metrora zegoen bere toallan atseden hartzen ari zen gizon bati hondarra botatzen.

Kasualitatez, orain dela egun batzuk Ikerren lehengusu Woody zegoen leku berean zegoen gizon hau, eta bere bainujantzia orduan Woodyk zeramanaren kolore berekoa zen. Woodyrekin harea botatzen aritzen da jolasean, eta Iker nahastu egingo zen. Gizona Ikerri zerbait esaten ari zitzaiola ikusten nuen, baina ez nuen lortzen entzutea. Iñakik bezperan kolpe bat hartu zuen belaunean eta lekura iritsi ezinik zegoen; nik toalla gerrian eta bainujantzia eskuan nuen. Gero, gizonak hatz erakuslea lokira eramaten zuela ikusi nuen, Ikerri eromenaren keinua eginez. Pena eman zidan horrek, baina uler dezaket gizon horrek ez zekiela Ikerrek autismoa duela. Beldurra ere sentitu nuen, haserre Iker bultza zezakeelako, baina ez zen hori gertatu. 

Senarra heldu zen, gizonari barkamena eskatu eta azaldu zion Ikerrek autismoa duela. Gizonak ulertu zuen, eta berak ere barkamena eskatu zion senarrari. Bainujantzia aldatzea lortu nuenean inguratu nintzen eta Ikerri esan nion "Iker, ez duzu harea bota behar". Formalismo hutsagatik esan nuen. Jendea begira nuen. Esan bakarrik ez, azaldu ere egin behar nion irudien bidez, eta horrek denbora eskatzen zuen. Artikulu honekin batera doan irudiaren moduan, izan ere, Ikerrek hobeto ulertzen ditu hitzak irudiekin edo marrazkiekin laguntzen badut. 

Ikerrekin beti sortzen dira erronka berriak eta irakatsi beharreko gauzak, eta, nahiz eta berari batzuetan ulertzeko zailak egiten zaizkion, ulertzen ari da. Baina, Ikerrek bezala, uste dut besteek ere hartaz ikasi behar dugula, errazago jartzeko. Eta horregatik idazten dut. Gero eta gehiago ulertu dadin eta gutxiago epaitu. Eta berak nigandik ikasten duen bezala, nik berataz eta mundua ikusteko duen moduaz ikasten dut.

Juan Martosek eta Mara Llorentek, autismoan espezialistak diren psikologoek, El niño al que se le olvidó cómo mirar liburuan hauxe idatzi dute: "Autismoa duten pertsonekin lan egiteak pertsonez, harremanez eta haien beharrez dituzun balioak eta sinesmenak berrantolatzera bultzatzen zaitu. Betidanik izan dituzun printzipioak zalantzan jartzera behartzen zaitu, gehiengoarenak bezain legitimoak diren beste forma batzuk baloratzera, bakoitzaren berezitasunekin toleranteagoak izatera eta pentsatzeko eta esperimentatzeko modu desberdinak errespetatzera. Autismoak ‘hankaz gora jartzen ditu’ zure uste sendo asko, eta mundua eta haren parte direnak begiratzeko beste modu bat erakusten dizu".