Nire semeak autismoa du, eta orain zer egingo dut?

Erabiltzailearen aurpegia Ikerren ama 2022ko mar. 17a, 09:00

“Ez duela entzuten ematen du! Ondo entzuten al du haur honek?”. Horiek izan ziren entzun genituen lehen komentarioak, Ikerri zerbait gertatzen zitzaiola pentsarazi zigutenak. Autismoa buruan bueltaka nuen, baina oraindik ere pentsatzen nuen: “eta ondo entzuten ez badu?”.

Zalantzak usatzeko, otorrinora eramatea erabaki genuen. Hark esan zigun Ikerrek mukia zuela belarrietan eta, seguru asko, urpean egongo balitz bezala entzuten zuela. Drainatzeko operazioa egiteko gomendatu zigun. Ikerrek gainerako pertsonei kasurik ez egitearen arrazoia hori izan zitekeelakoan, ebakuntza mediku pribatu batek egitea erabaki genuen. Ez zegoen denborarik itxaron-zerrendetarako. Gure semea mundutik isolatzen zen eta horren arrazoia aurkitu genuela uste genuen.

Operazioaren ondoren ez zen ezer aldatu Ikerren. Beste otorrino batera joatea erabaki genuen orduan. Ebokatuen potentzialen proba bat egin zion; horretarako, Iker lokarrarazi egin behar izan zuten. Bi familia geunden ospitaleko gela hartan: gu eta neskato baten gurasoak. Gogoan dut neskaren familiak, proba egin ondoren, galdetu zigula: “entzuten al du?”. Eta ahots etenarekin erantzun niola: “bai”. “Zortea du”, esan zidaten. Niretzat ez zen zortea. Nik egun hartan entzun nahi nuena zen Ikerrek ez zuela entzuten, audifonoa jarriko ziotela eta dena konponduko zela. Arrazoiren batengatik, uste nuen errazagoa izango zela gorreriari aurre egitea, autismoari aurre egitea baino.

Pertsona gor-mutu bat ezagutzen dut eta bizitza normala duela ikusi dut. Ez nuen ezagutzen autismoa zuen inor, eta garai hartan ez nekien zer zen ere. Uste dut horregatik pentsatzen nuela horrela. Gaur pentsatzen dut egin beharreko bidea zaila izango zela Ikerrek entzungo ez balu.

Medikuak “ondo entzuten du” esan zidanean, “autismoa du” esan izan balu bezala izan zen niretzako; horren sinonimoa zen. Egun hartatik hasi nintzen onartzen semeak autismoa zuela; orduan hasi nintzen autismoaz informatzen.

Senarrari gehiago kostatu zitzaion Ikerrek autismoa zuela onartzea. Ikerrek ez zuela autismorik, eta exageratu egiten nuela uste zuen, ustekabean aliatu bat aurkitu nuen arte: Periko. Bai, astoa. Egun batez, Perikori jaten ematera eraman genuen Iker. Ogi-barra ikustean, Perikok Ikerrengandik zentimetro gutxira arrantza egin zuen. Ikerrek ez zuen zirkinik ere egin, astoari ere ez zion begiratu. “Mesedez, begira!”, esan nion senarrari. isilik geratu zen eta buruarekin baietza eman zuen. Egun hartan hasi zen onartzen.

Ordutik hainbat urte igaro dira, eta autismoari buruz genuen ikuspegia aldatu egin da. Dagoeneko ez da guretzat ezezaguna, eta ezingo genuke gure bizitza imajinatu hura gabe, autismoa Ikerren parte delako.

Emily Pearl Kinsgley idazleak, ezgaitasuna duen haur baten amak, “Herbeheretarako bidaia” ipuinean hauxe idatzi zuen: “Haurdun egotea oporretan Italiara bidaia zoragarri bat egitea bezala da. Turismo gida mordoa erosten duzu, eta plan zoragarri pila bat egiten dituzu. Hilabeteak prestatze lanetan egon ondoren, eguna iristen da: maleta egin eta oso urduri zaude. Ordu batzuk geroago, hegazkinean, laguntzaileak honela dio: ‘Ongi etorri Herbehereetara’. ‘Herbehereak?’, galdetzen duzu. ‘Nola Herbehereak? Nik Italiara joateko ordaindu nuen! Bizitza osoan egin dut amets Italiara joatearekin’. Hala ere, hegaldi-plana aldatu egin da, hegazkinak Herbehereetan lur hartu du eta hor geratu behar duzu. Garrantzitsuena da ez zaituztela leku beldurgarri batera eraman: beste leku bat da, besterik gabe. Italia baino geldoagoa eta ez hain distiratsua. Baina denbora pixka bat igaro eta gero, arnasa berreskuratu ondoren, zure ingurura begiratzen hasten zara, eta konturatzen zara Holandak haize-errotak dituela, tulipanak, baita Rembrandtak ere...”

Esan nahi dizudana da zure semea diagnostikatu berri badute, beldurra sentituko duzula. Beldurra, hasieran autismoa ezezaguna delako zuretzat. Informa zaitez autismoaz, presta zaitez, hitz egin autismoa duten haurren beste gurasoekin eta ikusiko duzu bidea ez dela amaitzen diagnostiko batekin; desberdina den beste bide bat hasiko duzula, baizik.