Iban Narbaiza, Euskadi Irratiko 'Hiru Erregeen Mahaia' saioan

Erabiltzailearen aurpegia Hara! 2023ko mai. 30a, 11:00

Pulpoko kategoria ezberdinetako bost taldek hartuko dute parte Espainiako txapelketatako azken fasean; bi infantil, bi kadete eta jubenil bat. Horren harira elkarrizketatu dute klubeko presidente Iban Narbaiza, eta haren hitzetan, "herrigintza modu bat da" gazte horiekin guztiekin lan egitea.

Pulpo eskubaloi klubak bost talde sartu ditu Espainiako txapelketatako azken fasean. Partidatarako lekuak zozkatu egiten dira, eta kasu honetan jubenilek Galizian jokatuko dute, kadete mutilek Valentzian, kadete neskek Murtzian, infantil mutilek Ciudad Realen eta infantil neskek berriz, Kataluinan. Iban Narbaiza klubeko presidentea EITBn eskainitako elkarrizketan pozik agertu da, eta azaldu du "Pulpo harrobiko taldea izanik, horrelako txapelketa batean egotea ondo egindako lanaren seinalea" dela. 

Klubeko presidenteak aipatu duenez, oinarriari ematen diote garrantzia: "Eskubaloia kirol modura ikusteaz gain, heziketa modura ere ikusten dugu; baloreen transmisioa, taldean lan egitea eta kirolak dakarren sakrifizioa ere garrantzitsuak iruditzen zaizkigu". Kluba 400 jokalariz osatzen da, eta horrez gain dauden entrenatzaile, delegatu eta beste kide batzuren artean 500 pertsona inguruk osatzen dute kluba. Narbaizak azpimarratu du "bertan ez daukatela kontratupeko langilerik; lan egiten dutenak musutruk daudela bertan, eta proiektuan sinesten duen jendeak" osatzen duela Pulpo eskubaloi kluba. "Lan ona egiten ari garela esaten didaten bakoitzean pentsatzen dut erraza dela lan ona egitea jende onez inguratuta zaudenean".

Halaber, Zumaian kirol eskaintza handia dago; arrauna, futbola, txirrindularitza... Horregatik 400 fitxa izateak "jendea gustora dagoen seinalea" dela aipatu du Narbaizak. Entzun Hiru Erregeen Mahaia programan egindako elkarrizketa osorik, helbide honetan.