Lucia Lacarraren omenezko postrea sortu dute Basque Culinary Centerren

Erabiltzailearen aurpegia Hara! 2023ko mai. 16a, 17:29
Lucia Lacarra IƱaki Ostolaza eta Marina Bidasororekin, postrearen aurkezpenean.

Luciaren dantza du izena postre honek eta Donostiako gastronomia eskola honetako ikasle eta irakasleek sortu dute.

Munduko dantzari garrantzitsuenetakoa da Lucia Lacarra zumaiarra. Hainbat aitortza jaso ditu urte hauetan guztietan, baina gaur aurkeztu dutena bezain gozoa gutxi izango dira. Izan ere, Basque Culinary Centerreko Jatetxeetako Gozogintzako eta Sukaldaritza Gozoko Masterreko ikasle talde batek eta irakasleek haren omenezko postrea sortu dute, Luciaren dantza izenekoa. 

Gaur aurkeztu dute postre hau Donostian. Ekitaldian izan da, nola ez, Lacarra bera, eta bere jaioterriko ordezkari gisa Zumaiako alkate Iñaki Ostolaza eta Marina Bidasoro kultur zinegotzia. 

Sagar-konpotaz betetako sagar berdezko mousse batez osatzen da postrea. Moussearen inguruan beste osagai batzuk ditu, hala nola, masusta eta mugurdi sorbetea, Genoako bizkotxoa eta pistatxo-crumblea, masusta krema, txokolate zuri, lima eta albakazko ganaxea, sagar berdezko jela eta mugurdi freskoak. Eta horren gainean, dantzari baten mugimendua irudikatzen duen txokolatezko apaingarri bat.

Postre honekin identifikatuta sentitzen dela aitortu du dantzariak, "bere fintasunagatik eta indarragatik. Eta, batez ere, dituen testura eta geruza desberdinengatik, nik ere artista gisa bai baititut, eta nire bereizgarriak dira. Ikasleek asmatu dute postre zoragarri honen bidez Lucia Lacarra nor den adierazten".