Satelite festa Zumaiako zeruan

Erabiltzailearen aurpegia

Asteburuan Zumaiako zerua zeharkatuko dute 60 Starlink satelitek. Begi hutsez ikusi ahal izango dira pasatzen, lainoek bista oztopatzen ez badute.

Egun hauetan, gu bezala zerura begiratzen ari direnak badute zer ikusi, baita gaua bada ere. Pasa den astean Marte, Saturno eta Jupiterren lerrokatzea izan bazen, aste honetan Liridak izeneko izar-uxoak ikusteko aukera dugu gau osoan. Baina bada asteburuan beste ikuskizun mota bat: Starlink sateliteak.

Sateliteok banda zabaleko Internet low cost zerbitzua emateko dira eta, hemendik gutxira, konstelazio bat osatuko dute zeruan. Honen guztiaren erantzule Elon Musk enpresariaren Space X konpainia da. Tesla enpresaren jabea ere bada Musk, eta Zip2 edo PayPalaren sortzaile.

Orain arte Starlink sateliteen zazpi jaurtiketa izan dira (0, 1, 2, 3, 4, 5 eta 6), eta bakoitzean 60 satelite jarri dituzte orbitan. Hortaz, gaur egun, guztira 420 Starlink satelite daude zeruan Lurraren bueltan. Azken jaurtiketa aste honetan izan da –apirilaren 22an, hain zuzen– Floridako John Fitzgerald Kennedy Space Center-tik. 2020ko hamarkadako erdialderako 12.000 satelite orbitan jartzeko asmoa du SpaceX-k, eta erabilera militar eta zientifikorako sateliteak ere salduko ditu. Denera, 42.000 satelite jaurtitzeko asmoa du eta ez da bakarra, Amazon, Google edo Facebook itxarote-zerrendan baitaude. Asmo berberetan zebilen beste konpainia batek, OneWeb izenekoa, ekonomikoki behea jo du duela aste batzuk.

Sateliteak zerura jaurti berri direnean, satelite-tren moduko bat osatzen dute eta zeruan ilaran ikusten dira, bata bestearen atzetik. Ilara horiek ikusterakoan izua sortu da munduko leku askotan eta emergentzi zerbitzuetara egindako deiak ugaritu egin dira. Geroxeago, ordea, sateliteak bakartzen eta sakabanatzen joaten dira, bakoitzak bere orbitan kokatu arte. Gailuak mugimenduan daude eta orbita hurbiletan mugituko dira (335 eta 1.325 km bitarteko distantzian) satelite meteorologikoak edo telebistakoak ez bezala, azken hauek askoz urrutiago egoten direlako, Lurretik 35.768 kilometrora, orbita geoegonkorretan (Lurrraren abiadura berberean) kokatuta, hain zuzen ere.

Asteazkenean jaurti zituzten 60 sateliteak Zumaiako zeru gainetik pasako dira asteburuan, elkarren segidan. Sateliteak pasatzen ikusteko ez da teleskopiorik-edo behar, begi bistara egongo dira. Eguraldiak laguntzen badu, ikusteko egunik onena igandea izango da, gaueko 22:05ean hasiko baitira zeruan pasatzen oso altu, ia gure buruen gainetik. Ipar-mendebaldetik azalduko dira, itsaso aldetik, ipar-ekialdean izango dute altuera maximoa eta hego-ekialdetik, Aizarnazabal aldera, desagertuko dira. Zazpi bat minutu egongo dira gure gainean.

Igande gaueko zeruko mapa eta sateliteen ibilbidea hau da, eta lur-ibilbidea beste hau.

Larunbatean eta astelehenean ere ikusteko aukera izango da, baina zeruan askoz baxuago eta ez hain distiratsuak (igandean, oso distiratsu egongo direla aurreikusita dago eta). Larunbatean 5,5 minutuko epean pasatuko dira, lehenbizikoa 22:02an azalduko da eta paolaldera begira jarri beharko gara. Astelehenean, berriz, 22:08an agertuko dira, baina hegoaldeko zeruan.

Proiektuak kritikak jaso ditu

2019ko maiatzean lehenbiziko jaurtiketak egin zirenetik proiektuak kritika ugari jaso ditu. Izan ere, zeruan hainbeste satelite egoteak astronomoek egindako behaketak oztopatu dituzte (hemen, Arizonako Lowell behatokitik egindako zeruaren irudia, satelite horiek erdian daudela) eta Astronomia Nazioarteko Batasun (IAU) satelite konstelazio hauengatik kezkatuta azaldu da. Erakunde honen esanetan, satelite-konstelazio hauek laster gaindituko dituzte aurretik abiarazitako satelite guztiak eta horrek unibertsoa ulertzea eta gaueko basabizitza babestea galarazi dezakeela uste du. Astronomia zaleek ere kaltetuta aterako direla eta gaueko paisaia degradatuko dela diote.

Era berean, IAUk esplorazio zientifikoan izan ditzakeen eragin kaltegarriak arintzeko edo ezabatzeko araudi esparru bat diseinatzea eskatu du, espazioaren erabilera araututa ez baitago. Nazio Batuen adierazpen bat edo beste ba omen dago, baina gomendioak jarraitzen ez duenari zigorra jartzeko modurik ez dago.

Lotura interesgarriak (denak ingelesez; euskaraz ez dut ezer aurkitu):

Wikipedia: Starlink

The Era of Satellite Constellations Has Arrived

SpaceX webgunea

The night sky is increasingly dystopian

IAU Statement on Satellite Constellations