Gnat Zinemaren programako bi film proiektatuko dira Geoparkean, martxoaren 24an

Erabiltzailearen aurpegia Euskal Kostaldeko Geoparkea 2023ko mar. 21a, 15:26

Mutrikuko Zabiel Kultur Etxean egingo da emanaldi irekia, estrainekoz, ‘We the Power’ filmarekin.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko Departamentuak Gipuzkoako Natura eta Ingurumen Zinemaren III. Erakustaldia antolatu du martxoaren 23tik 30era bitartean. Hain zuzen, hirugarren edizio honek bi egoitza berri izango ditu: Mutriku eta Ordizia, lehendik zeuden Azpeitia, Eibar, Errenteria, Oñati, Donostia, Tolosa eta Zumarragako udalerriez gain. Bederatzi espazio guztira, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Departamentuak sustatutako natura filmen emanaldiak egiteko.

Bederatzi egoitza horietan, naturarekin lotutako 11 film proiektatuko dira: El leopardo de las nieves, We the power, Salvar Tenerife, Fire of love, Aware, Con la fuerza del viento, Forest for the trees: The tree planters, Cuerdas, Joy, Ganado o desierto eta Entre montañas. Martxoaren 24an, 19:00etan, Mutrikun ikusgai izango den dokumentala, We the Power (39 min.) energia sistema tradizionala aldatu eta energia garbia ekoizteko ahalmena bizilagunei itzultzen dieten ameslari batzuen inguruko filma da. Alemaniako Oihan Beltzean, Gironako (Espainia) antzinako kaleetan eta Londreseko (Erresuma Batua) teilatuetan tokiko kooperatiben ekimena kontatzen du filmak. Energia berriztagarrien iraultzarako bidea irekitzen duten eta finantza arloan osasungarriagoak eta egonkorragoak diren komunitateak eraikitzen dituzten taldeen bizipenak ezazgutzeko aukera izango da bertan. Energia gaietan aditua den Eneko Olabarrietak aurkeztuko du filma, Zabiel Kultur Etxeko emanaldian.

III. Gipuzkoako Natura eta Ingurumeneko Zinema Erakustaldiaren -Gnat Zinema 2023- saioetako  sarrerak doakoak dira eta edukiera bete arte daude eskuragarri. Zinema erakusketa honen helburua gertuen dagoen naturarekiko harremana bultzatzea da, pertsonok naturarekin ditugun harremanetan sakonduz.