Pasa den iganderako antolatutako zuhaitz landaketa larunbat honetan egingo da

Erabiltzailearen aurpegia Euskal Kostaldeko Geoparkea 2022ko mar. 16a, 12:42

Pasa den igandean egin behar genuen zuhaitz landaketa Elorriagako lursailetan larunbat honetan egingo da, martxoaren 19an. Eguraldi txarraren aurreikuspena zela eta, bertan behera uztea erabaki genuen antolatzaileok

.Hitzorduaren xehetasun guztiak berdin mantenduko dira. Landaketa larunbatean, martxoak 19, egingo da Arantzako (Itziar-Deba) artadian eta taldea goizeko 9:00etan elkartuko da  Errotaberrin (ordu erdiko ibilalditxoa dago lursailera). Ekintza 12:30ak arte luzatuko da gutxi gorabehera. 

Aurreko urteetako Elorriagako lursaila bete egin genuen iaz, horregatik, aurten, Arantza baserritik (Itziar-Deba) Portutxikira doan bidearen ondoan dauden bi lursail erabiliko ditugu landaketa egiteko. Ekimen honek hainbat helburu ditu, besteak beste, malda handiko lurzorua babesteko funtzioa areagotzea, klima aldaketaren eraginari aurre egitea, eta kalitate handiko eta denboran iraunkorreko landare-estalkiak landatzea inguruaren zerbitzu ekosistemikoak hobetzeko.

Aurten guztira 500 bat zuhaitz landatuko dira eta asmoa da Arantzako artadian erabilerarik gabe geratu diren nekazaritzako bi lursail basoa bihurtzea. Bertan artadia dagoenez, arteak izango dira landatuko diren zuhaitza gehienak. Horrez gain, gurbitzak, erramuak, elorri beltzak landatuko dira. Era berean, urki batzuk, hurritzak eta haritzak ere sartuko ditugu. Denak bertako haztegietatik ekarritakoak eta bertako hazietatik altxatutako espezieak dira.

Plaza-kopuru mugagabea da, beraz, ez da beharrezkoa izena ematea. Covid-19a dela eta, indarrean dauden osasun neurriak ezarriko dira, eta, edukiz gero, nork bere aitzurra eramatea eskatzen da, nahiz eta han batzuk egongo diren.

Bestalde, arropa eta oinetako egokiak jantzita etortzea aholkatzen da, baita ura eramatea ere, bertan iturririk ez dago eta. Landaketa publiko osoari dago irekita, baina haur eta gurasoei parte hartzera deialdi berezia egiten zaie. Jarduera mokadutxo batekin amaituko dugu.