Sei kolaboratzaile gehiago sartu dira Euskal Kostaldeko Geoparkearen Entitate Laguntzaileen sarera

Erabiltzailearen aurpegia Euskal Kostaldeko Geoparkea 2021ko api. 23a, 15:09
Flysch Hotela (Zumaia), Surfing Zumaia (Zumaia), Basque Nomads (Zumaia), Arruan Haundi Landetxea (Lastur,Deba), Basque Destination (Zumaia) eta Zumardi Pentsioa (Deba).

Entitate Laguntzaileen sareak turismo arloko ostatuak eta entitateak biltzen ditu, eta lurraldearekiko atxikimenduak eta ingurune sozial eta naturalarekiko konpromisoak batzen ditu. Talde horretan 6 kide gehiago sartu dira eta, asteazkenean, hilak 21, Arbe Hotelean ongietorria egin eta plaka bereizgarria entregatu zitzaien. 

Ekitaldian sareko kide berriek atxikimendu-adierazpena sinatu zuten, entitate laguntzaileen konpromisoa eta “zereginak” biltzen dituena. Jarraian, entitate laguntzaileek aurrerantzean euren establezimenduetan erakutsiko duten plaka bereizgarria jaso dute.

Bertan izan ziren: Joseba Palenzuela, Mutrikuko alkatea eta Geoparkeko presidentea, Gilen Garcia, Debako alkatea, Jone Esnal, Zumaiako Turismo Bulegoko teknikaria eta Leire Barriuso, Geoparkeko kudeatzailea.

Gaur-gaurkoz 23 entitate kolaboratzaile ditu Geoparkeak eta Debako, Mutrikuko eta Zumaiako, ostatuak eta turismo zerbitzuak eskaintzen dituzten enpresak daude sarean. Hauek guztiek egiaztatu dute kalitate eta etengabeko hobekuntza prozesuetan murgilduta daudela. Eskaintzen dituzten zerbitzuak eta produktuak ikuskatuak izan dira eta agerikoa da Euskal Kostaldeko UNESCOren Geoparkearekiko zein iraunkortasunarekiko konpromisoa.

Geoparkeak, bestalde, laguntzaile diren entitateen informazioarekin atal bat du ikusgai webgunean. Gainera, deskontu kodeak banatuko dizkie entitate laguntzaileei, bezeroen artean Geoparkeko bisita gidatuetan parte hartzeko prezio murriztuak eskaini ditzaten. Bestalde, Estatuko Ekoturismo Elkartean sartzeko aukera ere izango dute kolaboratzaileek.

Horrekin guztiarekin, Geoparkeak aitortza egin nahi die kalitatearen eta iraunkortasunaren alde lanean diharduten entitateei. Geoparkea helmuga ekoturistiko gisa kokatzen laguntzen duten aldetik, Geoparkeak elementu bereizgarri bat eskainiko die besteengandik bereizteko.

Geoparkeko entitate laguntzaileen zerrenda:

  1. Begi Bistan zerbitzu turistikoak (Zumaia)
  2. Zumaia Kanpina (Zumaia)
  3. Arbe Hotela (Mutriku)
  4. Kanala  Hotela (tziar, Deba)
  5. Eleizondo Landetxea (Lastur, Deba)
  6. Itxaspe Kanpina (Itziar, Deba)
  7. Santa Klara Nekazalturismoa (Zumaia)
  8. Perlakua-Saka Nekazalturismoa (Deba)
  9. Lasturko Aterpetxea (Lastur, Deba)
  10. Goikola Landetxea (Lastur, Deba)
  11. Arriola Txiki Nekazalturismoa (Deba)
  12. Zubeltzu-Torre  Nekazalturismoa (Itziar, Deba)
  13. Txindurri-Iturri  Nekazalturismoa (Itziar, Deba)
  14. Talaso Zelai Hotela (Zumaia)
  15. Saturraran Kanpina (Mutriku)
  16. Pikua Landetxea (Mutriku)
  17. Endañeta-Berri  Nekazalturismoa (Zumaia)
  18. Flysch Hotela (Zumaia)
  19. Surfing Zumaia (Zumaia)
  20. Basque Nomads (Zumaia)
  21. Arruan Haundi Landetxea (Lastur,Deba)
  22. Basque Destination (Zumaia)
  23. Zumardi Pentsioa (Deba)